Bolinagak Arrasateri eta Triciori emandakoaz

Eneko Azurmendi 2018ko ots. 15a, 17:09
Kortabitarte, Bolinaga, Gallastegi eta Jose Etxeberria 'Zurdo de Mondragón', Eibarko Astelena pilotalekuan. Argazkia: Indalezio Ojanguren.

2018ko otsailaren 1ean 50 urte bete dira Eugenio Bolinaga pilotari arrasatearra hil zela; Azkarate aita-semeak, Arriaran anaiak eta Jose Etxebarria 'Zurdo de Mondragón' pilotariekin batera, belaunaldi emaritsua osatu zuen Bolinagak.

1923an jaio zen Eugenio Bolinaga pilotari arrasatearra eta 1968ko otsailaren 1ean zendu zen, bularraldeko angina baten ondorioz, 45 urte zituela. Arrasatek izan duen pilotari belaunaldi emankorrenetako baten parte izan zen Bolinaga.

15 urterekin egin zuen debuta txapelketa ofizial batean, Felix Arriaran –Arriaran I.a– arrasatearrarekin batera. Bi urte geroago, 17 urterekin, egin zuen debuta profesional mailan, eta orduko pilotari onenekin aritu zen lehian –Atano III.a, Akarregi, Gallastegi, Kortabitarte, eta abar–.

Eugenio Bolinga

Javier Solozabal pilotari ohiaren arabera, Errioxako pilota zaletasunari bultzada handia eman zion Bolinagak. Izan ere, Tricio herriko lagun bat egin zuen soldadutzan, Severo Bezares izenekoa. Oso harreman ona egin zuten biek, eta Bezaresek gonbita egin zion Bolinagari herriko jaietan pilota partidu bat jokatu zezan. Arrasatearrak onartu egin zuen eskaintza, eta ez hori bakarrik. Tricio herriarekin harreman berezia egin zuen Bolinagak, eta, ordutik aurrera, urtero joaten zen partidu bat jokatzera. Gainera, herriko emakume batekin maitemindu zen, baita ezkondu ere. Bolinagari esker, garai hartako pilotari onenak pasatu ziren Triciotik, eta, gerora, arrasatearrak sustatutako pilota zaletasuna pilotari profesionaletan islatu zen. Izan ere, 1975ean, Tricioko sei pilotari aritu ziren profesional mailan. Horrez gain, 2014an erretiroa hartu zuen Augusto Ibañez Titin III.a ere herri hartakoa da.

Bere pilota mailari dagokionez, aurrelari "bikaintzat" jotzen zuten orduko prentsak eta zenbait komunikabidek. Baina osasun arazo dezente izan zituen eta horrek pilotari profesional moduan haztea oztopatu zion arrasatearrari. Hala ere, 40 urte zituela utzi zuen pilota.

Belaunaldi oparoa

Eugenio Bolinaga pilotari arrasatearrez osatutako belaunaldi oparo baten parte izan zen. Batetik, Arriaran anaiak, Felix eta Joshe, Arriaran I.a eta II.a. Aipatzekoa da 1961ean binakako txapelketa irabazi zutela bikote moduan. Horrez gain, Arriaran II.ak buruz buruko bi txapel irabazi zituen, 1955ean eta 1956an. Bestalde, Juan Bautista eta Tadeo Azkarate aitasemeak ere ezagunak izan ziren: Mondragones I.a eta II.a. Lehenak buruz burukoa irabazi zuen 1917an eta 1926an. Atano III. arekin lehia estua izaten zuen. Azkenik, Jose Etxeberria Zurdo de Mondragón ere pilotari ezaguna izan zen.

 

Ibai Bolinaga, Eugenio Bolinagaren biloba: "Guztiek hitz onak dituzte harentzat"

Noiz eta nolatan hasi zinen pilotan?

5 urterekin. Hainbat kirol egiten nituen txikitan, baina, gerora, pilotarekin jarraitzea erabaki nuen.

Oraindik ere jarraitzen duzu pilotan jokatzen.

Bai. Duela hiru urtera arte, partidu asko jokatzen nituen eta txapelketa inportanteetan aritzen nintzen. Orain, lasaiago nabil, beste maila batean.

Arrasateko pilota eskolan irakasle zara. Osasuntsu dago pilota eskola?

Hala da. Lau irakasle gara eta 50 bat ikasle ditugu. Pozik gaude kopuruarekin, eta oso giro polita dugu. Pena da ez dugula neskarik taldean, baina ea animatzen diren, guk ateak zabalik ditugu guztientzat.

Zer kontatu dizute zure aitonaren gainean?

Nire aitak gauza asko kontatu dizkit eta nire aitonaren lagun asko ere gerturatu zaizkit haren istorioak kontatzen. Pilotari bikaina zen, baina ni haren alderdi humanoarekin gelditzen naiz. Guztiek hitz onak dituzte harentzat.

Triciorekin estuki lotuta zegoen zure aitona.

Bai. Han ezagutu zuen amona. Gu oporretan joan izan gara Triciora eta han oso ondo hitz egiten dute guztiek nire aitonaz.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak