Txatxilipurdin lanik ez zaizue falta. Nola antolatzen zarete?
Egunerokoan, ludoteketara eta gazte txokoetara bideratzen ditugu gure baliabide gehienak. Horrez gain, herrian sortzen diren askotariko ekintzetan parte hartzen dugu, eta gure lanari buruzko gogoetak egiteko Berrasmatzen deituriko saila daukagu.
Zer-nolako hausnarketak egiten dituzue bertan?
Adibidez, azken urteetan asko hausnartu izan dugu haurren parte hartzeari buruz. Era honetako zalantzak azaleratzen dira bertan: Zer-nolako aisialdi nahi dugu gure haurrentzako? Zer-nolako balioak landuko ditugu? Zentzu horretan, haurrentzat edo gazteentzat gauzak antolatzetik, haurrekin eta gazteekin antolatzera egin nahi dugu salto. Erronka hori gauzatzeko ahaleginetan ari gara, nahiz eta askotan ez den erraza izaten. Asko dago egiteko.
Otsailetik apirilera bitartean jolas libreari buruzko jardunaldiak antolatu dituzue. Zein da helburu nagusia?
Txatxilipurdin betidanik izan dugu herrian eragiteko nahi hori. Berrasmatzen saileko gure barne gogoetak jendartearekin partekatu nahi ditugu, eta horretarako antolatu ditugu aipatutako jardunaldi horiek. Gure kezkak, gure gogoetak partekatzeko, eztabaidatzeko eta elkarrekin ikasteko aukera izateko.