Otsaileko osoko bilkura egin dute gaur arratsaldean Arrasateko udalbatzako ordezkariek. 2018ko urtarrilaren 16ko bilkurari dagokion akta ontzat eman ostean, Garaia Berrikuntza Gunean ESL2 ekipamendu partzialaren erabilera pribatiboaren emakidaren iraungipen partziala botatu dute. Alderdi guztiek aldeko botoa eman dute, eta Baleikek abstentziora jo du. Momentuan arrazoirik ez eman arren, Igor Urizarrek GOIENAko mikrofonoan adierazi du gaia lantzeko denbora gehiago behar dutela, "hamaika urtez inbertsio handiak erakarri dituen gunea delako".
Eztabaida Mondragon unibertsitateari buruz
Jarraian Mondragon Goi Eskolak Politeknikoak ondasun higiezinen gaineko zergan hobaria aplikatzeko proposamena eztabaidatu dute. Gaia ogasun batzordean aurretik landuta zegoen arren, agerian geratu da Baleike eta Irabazi alderdien desadostasuna. MGEP-ek hobekuntza obra batzuk egin nahi ditu Garaia Guneko 11. eraikinean. Lanen aurrekontua 1.396.336,27 eurokoa da, eta legez aplikatu behar zaion eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan %95eko hobaria eskatzen zuen unibertsitateak. Gaia hainbat hilabetetan landu dute batzordean, eta EAJ, EH Bildu eta PSE-EEk adostu dute hobari hori %50ekoa izatea, eskatutako %95aren ordez.
Baina Baleike eta Irabazi oso kritiko agertu dira neurri horrekin. Igor Urizarrek adierazi du nahikoa diru-laguntza jasotzen dituen erakundea dela Mondragon Unibertsitatea. Arrasaterentzat interes orokorreko gai bat dela argumentatzen da hobari hori egiteko, baina bi alderdi horiek ez dute hala ulertzen. Herriko merkatariei ez bazaie hobaririk aplikatzen, euren ustez ez da "justua" unibertsitatearekin beste kriterio bat erabiltzea.
Irudia: Anuska Ezkurra Igor Urizarri erantzuten.
EAJ-ko udal taldeko bozeramaile Anuska Ezkurrak Mondragon Unibertsateak herriari egiten dion ekarpenean jarri du fokua. Bere ustez, hobari bat aplikatzea justifikatuta dago MU irabazi asmorik gabeko erakunde bat delako, eta herrian enplegua eta aberastasuna sortzen dituelako. Interbentzioaren amaieran hobaria negoziatzeko EH Bildurekin eta PSE-EErekin lortutako adostasuna ere goraipatu du.
EH Bilduko Eneko Barberenak esan du, gaia lantzerakoan MU-k egoitza duen beste herri batzuetako adibideak jarri dituztela mahai gainean, Irun, Donostia, Oñati edo Eskoriatza kasu. Horrez gain, erabaki honek hurrengo ordenantza fiskaletan eragina eduki beharko lukeela gaineratu du.
Puntua botatzeko orduan EAJ, EH Bildu eta PSE-EEk alde botatu dute, eta Baleikek eta Irabazik, aldiz, aurka.
Justiziaren eta Memoriaren aldeko mozioa
Eguneko azken puntuan, Justiziaren eta Memoriaren aldeko Udalen sarera gehitzeko Irabazik aurkeztutako mozioa landu dute, eta gaiak alderdi guztien adostasuna izan du. Udalak frankismoaren krimenen aurka aurkeztuko kereila kriminak ez du epaitegietan aurrera egin, eta zentzu horretan 2016an Iruñean sortutako mugimendu honekin bat egin du Arrasateko Udalak. Mozioa irakurtzeko egin klik hemen.
CNA Group-en kaleratzeak
Galde eta eskeen tartean, Edesa Industrialeko langile batzordeko presidente den Ritxi Perezek hartu du hitza. 2016ko lehen kaleratzeetatik gaur egungo egoerara heltzeko prozesua azaldu du, eta Arrasateko Udalari ahal duen guztia egiteko eskatu dio, besteak beste Eusko Jaurlaritzarengan, Gipuzkoako Aldundiarengan edo Fagor Taldearengan influitzeko orduan.
Irudia: Ritxi Perez Arrasateko zinegotzien aurrean hitz egiten.
Perezek interbentzioa amaitu duenean, adierazpen instituzionala irakurri dute, alderdi bakoitzeko bozeramaileen artean. Testua irakurtzeko egin klik hemen.
Ostean, GOIENAko mikrofonoen aurrean erreferentzia egin diote gaiari hainbat zinegotzik. Maria Ubarretxenak administratzaile konkurtsalaren figura aipatu du. "Langileak lehenetsi ditzala eskatuko nioke, hartzekodunak edo aktiboak lehenetsi beharrean". Eneko Barberenak langileen ondoan egongo direla esan du, eta herrian prozesu desindustralizatzaile bat gertatzearen arriskuak aipatu ditu. Baleikeko Igor Urizarrek gaia arduraz hartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, bere garaian CNA Group-en proiektua babestu zuelako. Azkenik, Irabaziko Juan Luis Merinok esan du Arrasateko Udalak konponbidean duen rola oso mugatua dela, baina euren esku dagoen guztia egingo dutela langileek lanpostua berreskuratzearen alde.