Urte erabakigarria izango da hau Seber Altube plazako San Frantzisko parrokiaren etorkizunerako. Eraikina frantziskotarren jabetzakoa da, baina 2009a ezkero ez da frantziskotarrik bizi bertan.
Urte hartan, hamar urtez eraikina erabiltzeko baldintzak adostu zituzten frantziskotarrek eta Arrasateko parrokiak. Bertan ez bizi arren, Jose Luis Arrizabalaga frantziskotarra arduratzen zen parrokiaren kudeaketaz, Arrasateko apaiz Horazio Argarateren eta bere lan aldearen laguntzarekin. Baina 2016an, Arrizabalaga Oñatira bideratu zuten, eta parrokiako ateak ixteko zorian izan zirela azaldu du Horazio Argaratek: "Akordioa amaitzeko hiru urteren faltan, sorpresaz hartu genuen Arrizabalagaren erabakia. Momentu hartan, ateak itxi edo zerbitzua ematen jarraitzea ziren bi aukerak, eta frantziskotarrekin batera adostu genuen beste hiru urtez jarraitzea, 2019ra arte".
Hiru irtenbide
Datorren urteko urtarrilaren 1ean agortuko da hitzarmen hori, eta hortik aurrera hiru aukera zabalduko dira: frantziskotarrek eraikina ustiatzeko apaizak aurkitzea, Arrasateko Parrokiak apaizak aurkitzea edo desakralizazioa.
Gaur egungo apaiz eskasia ikusita, hirugarren aukera da indar handien duena, baina hori gauzatzeko erabakia frantziskotarren teilatuan dago. Arantzazuko frantziskotarren buru Juan Inazio Larreak GOIENAri adierazi dio ez dutela eraikinaren etorkizunari buruz ezer erabaki. "Duela bi hilabete hitz egin genuen gaiari buruz, baina, gaur-gaurkoz, ez dugu ezer prentsatu".
Desakralizatuz gero, frantziskotarrek eraikina saldu beharko lukete eta ondoren Donostiako gotzainak desakralizazio dekretua eman beharko luke. "Leku sakratua izateari uzteko, beharrezkoa da gotzainaren dekretua, eta, horretarako, haren oniritzia behar da", azaldu du Argaratek.
Etorkizuneko erabilerak
Kulturate alboan izanda, kultur etxearen jarraipen izatea litzateke aukeretako bat, eta azkenaldian hileta zibilak egiteko leku estali gisa erabiltzearen aldeko iritziak ere agertu dira. Frantziskotarren buruari bi erabilera horiei buruz galdetuta, zera erantzun du: "Nahiago dut ezer ez esan gaia helduago dagoen arte".
Aldiz, gaur egun bertan mezak esaten dituen Horazio Argaratek begi onez ikusten ditu bi aukera horiek. "Nik uste dut merezi duela Udalaren esku geratzea, publikoa izatea eta erabilera kulturaletara bideratzea. Kulturateri hauspo handia emango lioke".