Hona hemen Arrasateko EH Bildutik bidalitako oharra bere osotasunean:
"Aurreko astean garbitasun arazo baten inguruan gure proposamena egin genuen publiko: txakur gorotzen inguruko bizikidetza ekimena. Udal Gobernuak ez dio erantzun agiri hori zuzenean, baina zeharka pintaden arazoa leporatu digu. Ez dute gainera zehazten, eta herritar batek ondo gogorarazi die, pintada politikoak direla beraien arazo nagusia. Izan ere, eta Zarugalde kalea ikustea besterik ez dago, politikoak ez diren
pintadek urteak iraun ditzakete gure herrian. Akaso zikinkeria mezuetan dago, ez erabiltzen den pinturan.
Eta ez dugu gutxietsi nahi pintaden inguruan herritar batzuek duten haserrea eta argi dugu arlo honetan ere bizikidetza planteamendu bat egin beharra dagoela. Adostasunak eta kontsentsuak lortu beharko ditugu margoketak egiteko orduan, izan ere komunikazio politikoa eta kale-artea mundu mailako bitartekoak dira eta nekez ezabatuko dira guztiz. Banksy edota Basquiat kale-artista autore ezagunen obrak, Guggenheim moduko museotako izen garrantzitsuak biak, “zikinak” izango lirateke Arrasaten egun dugun ordenantzaren arabera eta horrek eman beharko liguke hausnarketarako tartea artearen ikuspegitik baita ere.
Gai berean baina beste hari bati jarraituz, kontainerren arazoa ere komentatzea nahi genuke. Aurreko urteotan aspertzeraino errepikatu da atez atekoa zikina dela baina kontrolik gabeko kontainerren sistema ez da askoz txukunagoa. Merezi du zonalde batzuetako kontainer kopurua errebisatzeak, baina batez ere kontzientziazio eta jarraipen zabalagoa egitea kontainerren erabilera onaren inguruan. Ez soilik
estetikagatik, bereizketaren kalitateagatik beragatik ere.
Ondorio gisa, badira ia makina bat hilabete garbitasun ordenantza onartu zenetik eta nekez esan liteke herria txukunago dagoenik. Ez da gorotzen arazoa soluzionatu nahi, ez da kontainerren deskontrola serio landu nahi, ez da pintaden gaia modu sakonean lantzeko planteamendurik... Hilabeteak pasa ahala gure susmoa betetzen ari da: mezu politikoak kaletik gutxitzea helburu zuen ordenantzak ondo irabazia duela “mozal” ezizena".