'Gugandik' egitasmoa: migratu duten emakumeendako topagunea, Arrasaten

Mireia Bikuña 2018ko urt. 29a, 11:46

Besteak beste, elkar ezagutzeko, beste kultura batzuei buruz ikasteko eta ametsak eta proiektuak partekatzeko espazioa da Arrasateko Udaleko Berdintasun Sailak martxan ipini duena. Otsailaren 9an hasita hamar saio egingo dituzte. "Baina, gure asmoa da, espazioa iraunkorra izatea. Saio horietatik harago, jarraipena duen elkartzeko gunea izatea", esan du Berdintasun teknikari Arantza Beitiak.

Ekin Emakumeak elkartean izan dute hitzordua Emetruk egitasmoa diharduten  Sabak eta Farhat Yasminek. Astelehenero han duten tailerrean jaso dute Gugandik egitasmoaren nondik norakoak. "Helburua da euren esperientzia eta bizipenak kontatzeko gune bat, espazio bat eskaintzea. Gainera, euren lorpenak balioan jarri gura ditugu eta euren artean sare bat sortzeko lehen pausuak ematea", esan du Arantza Beitiak.

Emakume etorkinei eskatzen zaien gauza bakarra da gazteleraz berba egiteko gutxieneko maila izatea. "Gazteleraz komunikatzeko gai ez dena, itzultzailearekin etor daiteke. Halakoetan, hasierako komunikazioa ez da erraza izaten", adierazi du teknikariak.

Egubakoitz goizetan

Gugandik egitasmoa egubakoitzero egingo dute, otsailaren 9an hasita. Marisol Abreu psikologoak dinamizatuko ditu saioak 09:30etik 11:30era, eta irekiak dira. "Gune irekia izatea gura dugu. Behin saioak hasita, interesa erakusten duen edonorendako egongo da zabalik. Zaintza zerbitzua egongo da, seme-alabak dutenek oztoporik izan ez dezaten", azpimarratu du.

'Emetruke'-ko tailerrak

Farhat Yasmin eta Saba ama-alabak hennarekin tatuajeak nola egin azalpenak eman dizkiete Emetruke tailerrean zeuden beste emakume etorkinei eta Ekineko eragile Amagoiari eta Jasoneri. Astelehenero elkartzen dira Pablo Uranga kaleko lokalean. "Tailerren bidez emakume etorkinen aisialdia sustatzen dugu. Elkarren artean aberastu egiten gara, eta, gainera, euskarako lehen urratsa ematen dute. Lehen berbak hemen ezagutzen dituzte", esan du Ekineko eragile Amagoia Muniozgurenek.

Hauek dira ekainera arte egingo dituzten ekintzak: TAO ikastaroa, otsailak 1ean eta martxoaren 1ean; Erditzearen boterea berreskuratzen delako tailerra, otsailaren 10ean eta 24an eta martxoaren 10ean; sendabelar tailerra, otsailaren 12an, 19an, 26an, eta martxoaren 5ean, 12an eta 19an; eta, estanpazio ikastaroa, maiatzaren 10ean, 17an eta 24an.

798 emakume etorkin

Lanbideren urtarrilaren 1eko datuak aintzat hartuta, Espainiatik kanpo etorritako, 1.566 etorkin daude Arrasaten. Horietatik 798 dira emakumeak. Bost kontinenteetatik etorritakoak dira. Adibidez, Ozeaniatik etorriko lau pertsona daude Arrasaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak