Egubakoitz gauean, lapurreta bat ekidin guran zebilela estolda-tapa batekin eraso egin zioten Arrasateko udaltzain bati eta egoera horren aurrean, Arrasateko Udaleko enpresa batzordeak oharra kaleratu du.
Hasteko, elkartasuna adierazi diote "erasoa jasan duen lankideari". Gero, "hainbat egoera" salatzeko baliatu dute ohar hori.
Esaterako, enpresa batzordeak dio, "pertsona gehiago behar direla udaltzaingoan lan txandak egoki" betetzeko: "Askotan, udaltzainen lan-bajak, oporraldiak eta horrelakoak ez dira ordezkatzen ari eta honek suposatzen du askotan taldeetan ez direla iristen udaltzainen kopuru minimora. Ustez egoera honi irtenbidea emateko Udal Gobernuak (sindikatuaren iritziaren kontra) erabaki zuen Arkauteko lan poltsa bateratua erabiltzea, baina behar izan duen bigarren aldian ezin izan da lan poltsa hori erabili, hutsik dagoelako".
Gaineratu dutenez, "Udal gobernuak erabaki zuen aurten udaltzainen lan taldeak berrantolatzea eta horrek dakar gauetako txandan udaltzain bat gutxiago egotea". Hala, erantsi dute, "gauez zerbait gertatzen denean, horren dakarren arrisku maila eta ziurgabetasuna izugarria da".
Azkenik, udal gobernuari eskatu diote, "behin betikoz egin dezala hausnarketa serio eta partekatu bat, herrirako nahi duen udaltzain ereduari buruz, eta jar ditzala beharrezkoak diren baliabide humanoak kalitatezko zerbitzu bat eskaintzeko herriari eta bereziki bermatzeko gure lankideen lan baldintza seguruak".