Irudia: Jon Arriaran txilena ikusgarria egiten, Mondrako elastikoarekin, Iturripeko futbol zelai zaharrean. Grupo San Juanen argazki denda bat zuen Xabier Usobiagak atera zion argazkia. Lehiaketa batera aurkezteko egin zion difuminatu hori, eta 'Gran Remate' izena jarri zion argazkiari
Duela lau hamarkada garaipenak bi puntu balio zuen, ganorazko futbol botak erosteko Frantziako muga pasa beharra zegoen, oraingo Bigarren B Maila Hirugarren Maila zen eta Eibarko jokalarientzat futbola ez zen ogibidea, afizioa baizik. Gaur egun, asko aldatu dira gauzak. Eibar primeran dago, eta asteburu honetan Athleticen zelaia bisitatuko du sailkapeneko lehen euskal talde bezala. Jon Arriaranek ederki ezagutzen du talde armaginaren iragana eta oraina: lehen, jokalari zelako; eta gaur egun, Eibarko partiduetako esatari delako Radio Euskadin.
Nola egin zenuen Mondratik Eibar Kirol Talderako jauzia?
Herriko taldean aritu nintzen 19 urtera arte. Orduan, Mondra Erregionalean zegoen, eta Preferentera igotzeko fase bat jokatu genuen Urolaren aurka. Ez genuen igotzea lortu, baina Eibarren deia jaso nuen. Erregionala oso maila apala zen, eta aurrealdean jokatzen genuenok gol asko sartzen genituen.
Jon Arriaran gaur egun Eibarren partiduetako esatari da Radio Euskadin.
Ordurako, Juanito Arriaran, zure osaba, Eibarko entrenatzaile zen?
Urte hartan fitxatu zuen Eibarrek, Mondratik, eta harekin batera Monte tabernako Joxeba Etxagibel, Pakito Zabala eta ni joan ginen. 73-74 denboraldia zen, eta Eibar Hirugarren Mailan zegoen, gaur egun Bigarren B Mailan egotea bezala.
Eibarko zezen-plazan entrenatzen zinetela entzun dut. Egia da hori?
Bai, baina ez beti. Negu partean, Ipuruan lokatz handia egoten zen. Astean hiru entrenamendu saio egiten genituen; beraz, Ipurua ez hondatzeko, astean saio bat egiten genuen Ipurua alboan dagoen zezen-plazan. Urte eta erdi aritu ginen horrela, zapatila batzuk jantzi eta euripean entrenatzen.
Antitetaniko txertoa ere ematen zizueten, ezta?
Urtean behin edo bitan zezenak egoten ziren plaza horretan; beraz, babes neurri bezala, txertoa ematen ziguten, badaezpada. Eibarren betidanik zaindu dituzte ondo jokalariak.
Eibarren, zein izan zen, zuretzat, kirol lorpen handiena?
Lehen urte hartan, Bigarren Mailara igotzeko kanporaketa jokatu genuen, Burgosen kontra, baina gutxigatik ez genuen lortu. Han 2-0 galdu eta etxean 2-1 irabazi. Burgos urtebete lehenago Lehen Mailako taldea zen, eta bigarren urtez jarraian maila galtzeko arriskuan zegoen.
Irudia: Eibar taldean zegoeneko argazkia. Arriaran, goian eskumatik hasita, bigarrena da.
Zenbat urtez aritu zinen Eibarren?
Bi etapa egin nituen. Hasieran lau urte egin nituen, ondoren Real Unionera joan nintzen, eta ostean berriz itzuli nintzen Eibarrera beste bi urterako.
Garai hartan, Eibarren, futboletik bizi zineten?
Ezta pentsatu ere! Lan egiten genuen denok, astean hiru edo lau entrenamendu izaten ziren, eta ondoren, asteburuak futbolari eskaintzen genizkion. Bidaiak oso gogorrak ziren. Madrilera joan behar izaten genuen urtean zazpi edo zortzi aldiz, eta zazpi ordu eta erdi behar ziren hara heltzeko. Bidaian, herritxo guztietatik pasatzen ginen: Miranda, Burgos, Aranda, Somosierra, La Brujula... 14:00etan irteten ginen hemendik eta 21:00 aldera heltzen ginen Madrilera. Afaldu, ohera, 12:30ean partidua jokatu eta buelta etxera. Bueltako bidaian, saldatxo bat eta tortilla ogitarteko bat, eta denok pozik.
Eta hainbeste denbora eskainita, ez zenuten dirurik jasotzen?
Diru kopuru txiki bat bai, baina sinbolikoa zen. Ostean, primak ere izaten ziren, eta baita dietak ere, Eibarrera entrenatzen joatearen gastuak estaltzeko. Negu partean Soraluzetik joaten ginen eta udan, Elgetatik.
Zenbat pezeta ziren?
Egia esan, ez naiz gogoratzen.
Denbora luzea pasa delako edo oso kopuru txikia zelako?
Ziur asko, bigarrenagatik. [Barre]
Gaur egunera etorrita, aurreko astean sinatu zuten Arrasateko Udalak eta Eibar Kirol Taldeak Atxabalpe 2021era arte erabiltzeko hitzarmena. Hobekuntza lanak egin ostean, zelaia primeran dagoela ikusita, egiten duzu lehengo eta oraingo garaien arteko konparaketarik?
Zelaia oso ondo dago, baina aldagelak eta bestelako baliabideak nahiko normalak dira. Eibarrek ez du bere nortasuna galdu, eta luxu handirik ez egote hori da horren erakusle.
Soldatak alde batera utzita, non ikusten duzu lehengo futbolaren eta oraingoaren arteko aldea?
Materialetan, adibidez. Orain, hiru hilean bota berriak jartzera behartzen dituzte jokalariak, kontratuz. Gure garaian, Adidas batzuk erosteko Biarritzeraino joan behar izaten genuen, eta ondoren, urrea balira bezala zaintzen genituen. Eta kamisetak ere bai. Gureek, bustitzen zirenean, kristoren pisua hartzen zuten. Asko aldatu dira gauzak. Pentsa, nik ezagutu nuen garai hartan, baloia Ipuruatik irteten bazen, haren bila joan beharra zegoen.
Eibarrek nortasunari eusten diola esan duzu. Zein da gakoa?
Oso garbi dauzkate ideiak, bai zuzendaritzan, eta bai kirol arloan. Azken horretan, talde tekniko aproposena daukate. Mendilibar artista hutsa da nortasuna emateko orduan.
Radio Euskadin partiduetako esatari ari zara. Gustura, ezta?
Josu Loroñok proposatu zidan, eta oso gustura nabil. Futbola gertutik jarraitzeko aukera da, eta Eibar klubarekin harremanari eusteko modu bat.