Udal ordezkariez aparte, Olatz Garmendia Hezkuntzako Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea, Polentzi Urkijo Hezkuntzako Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia zuzendari eta Beñardo Balerdi Arrasate Herri Eskolako zuzendaria izan dira aurkezpen ekitaldian. Eta eraberritze proiektuaren xehetasunak eskaini dituzte.
Modu horretan, obrak bukatuta, 0 eta 18 urte bitartekoendako tokia legoke Musakolan, Herri Eskolan –0 eta 12 urte bitartean– eta Institutuan –13 eta 18 urte artean–. Besteak beste, Lehen Hezkuntzako sei gela, erabilera anitzeko bi espazio eta psikomotrizitate gela izango lituzke eraikin berrituak.
Transformadorea lurperatuko dute
Hamahiru urte daroatza Herri Eskola eraberritzeko eskaerak. Azkenaldian, gaiari heldu nahi izan zaionean, bertako transformadorea oztopo zen eraberritze egitasmoarendako. Kendu beharra zegoen; eta ez zegoen argi zein erakunderen ardura zen hori –Udala, Gipuzkoako Aldundia edo Eusko Jaurlaritza–. Bada, eman diote irtenbidea auziari: 250.000 euro erabiliko ditu Udalak obraren "zati zibila" ordaintzeko. Gainerakoa, Iberdrolaren ardura litzateke. Ostean, udal ordezkariek jakinarazi dutenez, eginiko gastua itzuliko lioke Eusko Jaurlaritzak.
Bestetik, azaldu dute Herri Eskolaren jolastokitik kanpo lurperatuko litzatekeela transformadorea, zelaian, hain zuzen. Eta, aurreikuspenen arabera, aurten egingo lukete obra hori.
Gauzak horrela, Musakolako Herri Eskolaren obrak urtean urteko gastuak eragingo lituzke, eta bi edo hiru urteko iraupena izango luke. Lehenik erraberritze proiektuaren diseinua esleituko lukete; eta, ostean, lanen exekuzioa.
Bestalde, egin dute eraberritze prozesuaren gastuaren aurreikuspenik ere: 2,3 milioi euroko inbertsioa eskatuko luke, gutxi gorabehera. Dena den, argitu dute proiektuak aurrera egin ahala, kopurua alda daitekeela.