"Polita da proiektuak lagunekin partekatzea"

Iker Oñate 2018ko urt. 19a, 12:22

Crap taldeko kide Borja, Iker, Jawer eta Barba –eskuinekoa–. Argazkia: Poli Karpo

Bigarren diskoaren grabazioan murgildurik daude Crap musika taldekoak. Eta, gainera, hainbat musikariren kolaborazioa izan dute.

Musika talde askok uzten dute aztarna gizartean. Eta euren abestiak disko batean biltzea erabakitzen dute batzuek. Bada, besteak beste, hori da Arrasateko eta Aretxabaletako musikariek sorturiko Crap taldearen kasua. Orain, bigarren lanarekin dihardute buru-belarri, kaleratu aurretiko fasean murgildurik; gaur-gaurkoz, grabatua dute diskoa, eta berorri forma ematen dihardute. Aukera aprobetxatuz, bada, horren inguruan jardun du Aitor Barbadillo Barba-k, taldeko bateria-joleak.

Bigarren lana kaleratuko duzue. Zein puntutan zaudete?

Orain, grabazio osteko fasean dihardugu. Bada, azaro aldera grabatu genuen diskoak bilduko duen abesti sorta, Bilboko Silver Recordings estudioan. Martin Guevararekin jardun dugu horretan; ezagun dugu, Capsulako taldekide da bera. Hain zuzen, hamar abesti grabatu ditugu, horietako bat Radio Birmand taldearen bertsioa; gainerakoak, gureak. Hizkuntzari gagozkiolarik, bestetik, ingelesez abesturikoak dira kantu guztiak. Oro har, esan dezakegu diskoa entzuten duenak 70eko hamarkadako punk-rocka izango duela entzungai, betiere, gure ukituekin. Doinu rockeroak ditu, tartean.

Beraz, ez duzue aurreikusten diskoa berehala kaleratzea...

Ez. Azken finean, diskoa kaleratu aurretiko prozesua ez da grabaziora mugatzen. Horrez aparte, gauza asko daude egiteko. Besteak beste, ekoiztetxeak bilatu, masterizatu eta azaleko irudia diseinatu behar dugu. Presa barik dihardugu, diskoa kaleratzeko presio barik. Gaurgaurkoz, hain zuzen, hainbat diskoetxerekin dihardugu harremanetan. Gainera, diskoaren izena ere erabaki barik dugu oraindik.

Diskoetxea topatu aurretik grabatu duzue?

Bai. Hala egiten dugu geuk. Lehenengo, proposamena aurkezten diegu, diskoa bera. Eta, behin hori eginda, horien esku dago gurekin lan egin gura duten erabakitzea. Hori, bada, ez dago gure esku.

Ez da disko bat grabatzen duzuen lehen aldia...

Hala da. Baina prozesu guztiak ez dira berdinak; oraingoak badu berezitasunik aurrekoarekin alderatuta: kantu gehiago daroatza. Alegia, aurreko lanean lau abesti grabatu genituen, eta, oraingo honetan, hamar. Beraz, luzeagoa eta konplexuagoa izan da grabazio prozesua. Kaleratzeke duguna disko osoagoa dela esan dezakegu, horrek dakarrenarekin. Hala, esan bezala, esperientzia berria da, hein batean.

Eta aurrekoaren bide beretik segitzen du lan berriak?

Oro har, baietz esan dezakegu. Agian, entzuleak topatuko du alderik; erritmoan, batez ere. Baina, esandakoa, ez du aparteko diferentziarik. Aukeratu ditugun jorragaiek ere bide beretik segitzen dute. Hain zuzen, bizitzako istorioetan oinarrituriko letrak leudeke erdigunean, salbuespenak salbuespen, gaurkotasunezko gai politikoetan eta halakoetan sartu barik.

Letrak egitea ez da lan samurra izango...

Egunaren araberakoa da hori. Hainbat bide daude letrak sortzeko. Batetik, baliteke taldekide bat kantu proposamen batekin iristea entsegura; orduan, guztion artean osatzen dugu bere proposamena, nork bere ekarpena eginez. Bestetik, badaude taldekideok elkarlanean hasi eta bukatu ditugun abestiak, lokalean egiten ditugunak. Eta, horiez gain, kolaborazioak ere izaten ditugu tartean. Azken lan honetan, esaterako, Marak –Agressive Combat taldeko kidea– jarri du bere aletxoa.

Kolaborazioak izan dituzue, beraz.

Hala da. Gustuko dugu gure egitasmoak lagunekin partekatzea; eta, horretarako, ez da hoberik grabazioan euren laguntza izatea baino. Zehatz esanda, Tupelokoren harmonika –Screamers and Sinners– eta Martin Guevararen gitarra zein marakak –Capsula– entzun daitezke diskoan; eta, horiez gain, hainbat lagunek sartu dute ahotsa: Agressive Combateko Marak eta Arkada Socialeko Hodeik eta Maguk. Finean, ederra da proiektuak ingurukoekin batera sortzea, euren laguntza izatea. Horrek balio erantsia ematen dio egiten dugunari, duda barik. Polita da hori.

Bitartean, dena den, ez zaudete geldi.

Kaleratu bitartean, gure martxan darraigu, kontzertutik kontzertura. Bihar –zapatua– Larrabetzun izango gara, esate baterako. Esan beharra dugu emanaldi horietan jada hasiak garela abesti berriak eskaintzen, zaharrekin batera; nahasketa moduko bat egiten dugu, finean. Diskoa kaleratzen dugunean iritsiko da kantu zerrenda guztiz aldatzeko unea: kantu berriak eskainiko ditugu, eta, horretarako, zahar ugari baztertu behar izango ditugu.

Diskoa kaleratu ostean, aurkeztea dagokizue, ezta?

Duda barik. Ea ezer berezirik egiterik dugun. Esandakoa, horren aurretik, gauza asko itxi behar ditugu. Beraz, itxarotea dagokigu. Ostera, aurreko urtean bideoklipa ere grabatu genuen, ingurukoen laguntzarekin. Ez litzateke gaizki egongo halako zerbait egitea. Baina, aurretik, baditugu eginbeharrak. Momentua iristen denean erabakiko dugu zer egin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak