Beste hainbat negozioetan gertatzen den bezala, aro digitalak aldaketa sakonak ekarri ditu bankuen sektorean. Gaur egun, eragiketa asko mugikorrarekin edo ordenagailuarekin egiten direla ikusita, baliabideak beste era batera antolatzeko beharra daukate, eta horrek eragin du hein handi batean, Laboral Kutxak egoitza berri bat zabaldu izana, beste biri agur esateko.
"Arrasateko kasua berezia da, duen biztanle kopuruarekin lau sukurtsal dituelako. Baina, Laboral Kutxaren sorterria da, eta bertan daukagun bezero kopurua osoa altua da, beste edozein herrirekin alderatuta" azaldu du Laboral Kutxako komunikazio zuzendari den Marije Etxanizek.
"Gaur egun, behar dutena baino egoitza gehiago dituzte bankuek. Ez da gure kasua bakarrik, baizik eta sektore osoan gertatzen den zerbait da. Eragiketak egiteko modua asko aldatu da, batez ere gazteen artean, eta errealitate berrietara egokitzen jakin behar dugu. Bulego espezializatuen aldeko apustua egin behar dugu, eta helburu horrekin zabalduko da, ostiralean, Garibaiko egoitza" adierazi du Jokin Gorritik, Laboral Kutxako prentsa arduradunak.
Irudia: Garibai kaleko egoitza berrian, azken lanak egiten aritu dira aste honetan.
Bulego berriak bi pisu izango ditu, eta hamasei langile arituko dira bertan. Bi langile lehiatilan, hiru aseguruetako aditu, banka pertsonaleko bost aholkulari, enpresa alorreko burua eta hiru kudeatzaile, bulegoko zuzendaria, eta Debagoiena zonaldeko zuzendaria. Bulego berriak lau kutxazain automatiko izango ditu.
Agur bi egoitza historikori
Agur esan dutenak, tradizio luzeko bi sukurtsal dira. Iturriotzekoa banku kooperatibistaren 001 zenbakia duen egoitza da. Bigarren egoitza Aretxabaletakoa izan zen, hirugarrena Elorriokoa, laugarrena Soraluzekoa eta bosgarrena Oñatikoa.
Iturriotzeko sukurtsala 1961eko irailean zabaldu zuten, eta eraikinaren bigarren pisuan kokatu zuten. Beheko pisuan, aldiz, Cooperativa San Jose zegoen, gaur egun Eroski bezala ezagutzen dugun enpresa, alegia. Handik 20 urtera, goiko eta beheko solairuak bankuarentzat izatera pasa ziren.
San Andreseko lehen egoitza 1969an zabaldu zuten, eta herrian zabaldu zen bigarren sukurtsala izan zen. 047 zenbakia duen egoitza da, eta 2019an 50 urte beteko lituzke.
Irudia: Gaur egungo San Andres auzoko bulegoa.
Itxiko diren bi bulegoekin zer egingo duten galdetuta, zera erantzun du Marije Etxanizek. "Ibilgetuen departamentuko adituen esku geratuko da bi lokal horien etorkizuna".