2018ko lehen egunean, indarkeriazko ezbehar batek bereganatu zuen herritar askoren arreta. 25 urteko gazte arrasatear batek hainbat laguni eraso egin zien lorezaintzako aitzur batekin, horietako batzuei zauriak eraginda.
Ertzaintzak erasotzailea atxilotu zuen, Gipuzkoa etorbidean, autoan zihoala. Drogen testa egin zioten, eta positibo eman zuen. Bergarako polizia etxera eraman zuten, ustezko bi delitu egotzita: lesioak eragitea eta errepideko segurtasunaren aurka egitea.
Ospitale Psikiatrikoan
25 urteko erasotzaileak Bergarako polizia etxean pasa zuen gaua, eta asteartean deklaratu zuen epailearen aurrean. Hark aske uztea erabaki zuen, baina balorazio psikiatriko bat egiteko baldintzapean.
Ertzaintzak GOIENAri konfirmatu dionez, asteartean bertan joan zen gaztea Donostiako Ospitale Psikiatrikora balorazio hori egitera, eta ordutik hona ingresatuta dago bertan.
Biktimaren kontakizuna
Ertzaintzak atxilotu zuenean, autoa lapurtu behar ziotela argudiatu zuen erasotzaileak, oldarraldia justifikatzeko. Baina erasotua izan zen biktimetako batek teoria hori gezurtatu egin dio GOIENAri.
"Zarugalde kalean azken tragoa hartu ostean etxerantz nindoan, oinez, beste lagun batekin batera. Bidean, nire auzoko lagun bat ikusi nuen autoarekin, eta Ikerreko biribilgunean minutu batzuk barru batuko ninduela esan zidan. Agirretxe harategia dagoen plazatxoan geundela, bere auto kanpoan zegoen gazte baten albotik pasa eta, hitzik esan gabe, kolpe bat eman zidan buruan aitzurrarekin. Erabat harrituta geratu nintzen, baina aldentzea lortu nuen. Ez nuen erasotzailea ezertaz ezagutzen, baina, autoa alboan zuela ikusita, matrikulari argazki bat atera nion, ostean erasotzailea identifikatu ahal izateko. Jarraian, Ikerren zain nuen laguna agertu zen autoarekin, eta ospitalera eraman ninduen, buruan zauria neukala ikusita. Nirekin oinez zetorren beste laguna Akelarreko aldapan gora joan zen ihesi, eta erasotzaileak harrapatu zuenean buruan eta bizkarrean kolpatu zuen".
Lehen erasoaldi haren ondoren, erasotzailea ospitalera joan zen autoarekin. "Hil egingo zaituztet' oihukatzen zebilen. Ospitale barruan babestu ginen, eta jarraian SOS Deiei abisu eman nien, udaltzainen bulegoa itxita baitzegoen".