Cristian Coello eta Gorka Aranbarri: "Harmonia ikasten hasteak mundu bat zabaldu digu"

Xabi Gorostidi 2018ko urt. 4a, 17:25

Kadena Perpetua taldeko partaideak dira. Punk doinuak jotzen zituztela bataiatu zuten taldea; ondoren, hard rockerantz jo zuten; eta egun, bluesa jotzen dute, gehienbat. Bateria jole baten bila dabiltza, taldea ondo finkatu eta euren musika zabaltzen hasteko.

Kadena Perpetua da arrasatear belaunaldi gazteen artean sortu den azken taldeetako bat. RIP, Eskorbuto eta Cicatriz taldeekin egin zuten jaunartze musikala, baina handik gutxira estilo konplexu eta mamitsuagoek erakarri zituzten. Musika zainetan sartuta daramatela argi dago, eta horren adierazle da gaztetxeko lokalean rock eta blues doinuak lantzen ordu mordoa ematen dituztela.

Nolatan erabaki zenuten musika talde bat sortzea?

15 urterekin. Txikitatik aritu gara elkarrekin eta ondo ezagutzen dugu elkar. Garai hartan, punk talde mitikoak entzuten genituen eta asko aritzen ginen patinetearekin. Patinatzen ari ginen egun batean, taldea sortzea erabaki genuen, eta gazte txokoan entseatzen hasi ginen. Repelencia taldekoek bertan jotzen zuten, eta Pottokok eta Itsasok erraztasunak eman zizkiguten. Hasieran, Cristian bateria-jotzailea zen, ni baxu-jotzailea eta hirugarren lagun bat gitarrista.

Nolatan pasa zinen bateriatik sei soketara?

Egun batean, gitarra jotzen nuela amestu nuen, eta amets horri heldu nion. Txirula dendara joan nintzen, Epiphone Les Paul hau eskuetan hartu eta Eskorbutoren Cuidado abestia jo nuen, apenas jotzen nekien arren. Han hasi zen nire ibilbidea gitarrarekin, eta lau urte hauetan milaka ordu dedikatu dizkiot.

Nolakoa izan da hastapenetatik gaur egunera arteko bidea?

Urte bat egin genuen gazte txokoan entseatzen, eta, ostean, gaztetxeko lokaletan sartzeko aukera izan genuen. Horrek sekulako bultzada eman zion taldeari, eta, egia esan, garen guztia zor diegu lau pareta hauei. Lehen etapa hartan, Repelencia taldeko gitarrista aritu zen bateria jotzen, eta lau kontzertu eman genituen; Pipol tabernan, San Andresko jaietan, eta baita Huescan ere. Ostean, Aretxabaletako beste bateria-jotzaile bat sartu zen taldean, baina bazeukan aldez aurretik beste talde bat. Bi taldeetan aldi berean egotea zaila egin zitzaion, eta utzi egin gintuen. Izan dugun azken bateria-jotzailea Rombos Negros taldekoa izan da. Baina ilusio, dedikazio eta gogo aldetik, ez zegoen gure maila berean, eta, duela lau hilabete, bateria-jotzaile gabe ari gara. Blues-rocka gustuko duen bateria-jotzaileren batek hau irakurriz gero, jakin dezala gu garela berak behar duen taldea.

Baina bateria-jotzailerik gabe geratzea ez da oztopo izan taldeak aurrera egiteko, ezta?

Biok izan gara hasieratik taldeari tiraka aritu garenak, eta horrek ez gaitu ezertarako geldiarazi. Lokalera etortzen jarraitzen dugu, eta biok hemen gaudenean txispa bakarrik pizten da.

Nola antolatzen zarete abestiak konposatzeko?

Letra gehienak Cristianek idazten ditu, eta musika atala bien artean egiten dugu. Ideia batetik abiatzen gara, eta biok egiten dizkiogu gure ekarpenak. Gaur egun, Joe Bonamassa, Gary Moore eta Rory Gallagher bezalako blueseroek txoratzen gaituzte; beraz, lau akorde eta punteatze bat egiteak ez gaitu asetzen. Olatz musika akademian hasi ginen biok, eta, azkenaldian, harmonia ikasten hasi gara. Abestien logika ulertzen haste horrek aukerez betetako mundu bat zabaldu digu.

Orain, 20 urte dituzue. Nola ikusten duzue musika panorama gazteen artean?

Tristea da jende gaztea punk eta oi! doinuetatik harago ez joatea. Gu punkarekin hasi ginen, baina urteak dira ez dugula musika hori entzuten. Eboluzio bat izan dugu, eta zoragarria izan da guretzat, baina gazte asko ez dira Arkada Socialetik aurrera ikusteko gai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak