Arrasateko hiribilduak zituen ateetatik hiru daude zutik gaur egun: Iturriotzekoa, Portaloikoa eta Zurgin kantoikoa. Hiruretan zaharrena Zurgin kantoikoa da, eta hura berritzeko erabakia hartu du Udal Gobernuak.
"Olarteko arkuak higadura arazoak ditu; batez ere, estrukturari eusten dioten harriei dagokienez. Kareharri margosarekin eginda dago, eta horietan pitzadurak gero eta handiagoak dira. Baina ez hori bakarrik. Harri eta harri artean dagoen argamasa ere gero eta hondatuago dago, eta jausten ari da gutxika. Segurtasun alorrean arazoak ekarri ditzake horrek, eta helburua da arrisku horiek ahalik eta gehien gutxitzea", azaldu du Jose Angel Barrutiabengoak, Arrasate Zientzia Elkarteko kideak.
Harri Construcciones y Mamposteria SL enpresa izango da konponketa lanak egiteko arduraduna. Berreskuratze obrak egiten adituak dira, eta, besteak beste, Donostiako Kontxa hondartzako baranda berritu zuten. Lanen kostua 13.200 eurokoa izango da; 15.972, BEZa barne. Besteak beste, arkuaren goialdean teila berriak jarriko dituzte, estrukturara urik sartu ez dadin. "Orain, ur ugari sartzen da bertatik, eta horrek harrien higadura areagotzen du".
AZEren eskariak
Udal Gobernuak Arrasate Zientzia Elkartearekin elkarlanean egin nahi ditu konponketa lanak, eta eurekin harremanetan izan da birgaitzearen inguruko irizpideak zehazteko.
Irudia: AZEko Jose Angel Barrutiabegoa, ate historikoaren aurrean.
Elkarteko kideek eskari garbia egin dute, lehenik eta behin: berreraiki beharrean, zaharberritu dezatela. "Gure ondare historikoaren parte garrantzitsu bat da, eta ahalik eta hoberen mantendu nahi dugu. Beste bi ateak, beheko atea (Portaloia) eta Iturriotzekoa, berreraiki egin ziren XVIII. mendean, baina hau XIII. mendean eraiki zen bezala kontserbatu da".
Ez dute zementua bezalako elementu modernorik erabiltzerik nahi, eta bere garaian erabilitako argamasaren antzerako materialekin birgaitzea eskatu dute. Bestalde, arkuaren bi aldeetan dauden zementuzko zatiak kentzea ere eskatu dute, harri originalak bistaratzeko.
Izen eta istorio ugari dituen atea
Zurgin kantoiari nortasuna ematen dion ateak hainbat izendapen jaso izan ditu sortu zenetik hona. Bere garaian, Arabatik eta Bizkaitik zetozenentzako sarrera izaten zen, eta hortik datozkio izendapenetako batzuk.
1540an dago jasota arkuaren lehenengo izendapena, eta orduan, Arabako portalea edo Aramaioko portalea izenez izendatzen zuten. Baina ostean, beste hainbat izen hartu ditu; Zarugaldeko portalea, Kondekuako portalea, Olarteko portalea, Krimenaren portalea, Zurgin kantoiko portalea, eta, azkenik, Arbolapetako portalea". Horien guztien artean, AZEko kideek argi daukate zein litzatekeen etorkizunean erabiltzeko aproposena. "Izen horietako asko modernoegiak dira, eta ez dute ondo jasotzen arkua Arrasaterentzat izan dena. Arabako portalea da, berez, izendapen zaharrena, baina, gure ustez, Olarteko portalea da izenik egokiena, atearen beste aldean zegoen Olarte auzoari eta bertako burdinolei erreferentzia egiten dielako.
Krimenaren portalea izena ere jaso izan du, 1816an bertan erail baitzuten Santiago Aranguren, Monterrongo Kondea eta orduko alkatea zena.