Biharko egun handira begira Iosu Amantzio aurkeztu dute arrasatearren aurrean

Xabi Gorostidi 2017ko abe. 21a, 19:00

'Iosu Amantzio' txerria Herriko Plazan, umeen begiradapean.

Santamas egunerako motorrak berotzeko gaur arratsaldean aurkeztu dute aurtengo jaietako protagonista izango den txerria. Emea izan arren, Iosu Amantzio du izena eta 300 kilo inguruko pisua du. Aurkezpena girotzeko Erraldoi eta kilikien konpartsa izan du alboan.

Urtero ikusmina izaten da jaietako txerria gertutik ikusteko, eta aurtengoa jada bataiatu dute jendaurrean. Iosu Amantzio Herriko Plazara atera da, erraldoi eta kilikien konpartsa alboan zuelarik, eta herritar ugariren ikusmira piztu du.

Ordu berean ere, Portaloi Taldekoek kalez kaleko kantaldia hasi dute, arrasatearrak jai giroan murgiltzen hasi daitezen.

Bihar egun handia

Trikiti doinuek, txistor usainak, euskal dantzek eta baserritarren produkturik onenek Arrasate bereganatuko dute bihar.

Santamas Komisiñoko kideek egitarau mamitsua prestatu dute, eta goizetik gauera bitartean primeran pasatzeko aukera zabala izango da, Udalaxpe txistulari taldearen dianarekin hasi, eta DJ Makalaren azken kanta dantzagarrira arte.

Esan bezala, jai handiari hasiera emateko ardura izango dute Udalaxpe taldeko txistulariek. 09:30ean hasiko dira jai giroa jartzen, herriko kaleetan zehar egingo duten dianarekin. 10:00etan hasiko da Laubide plazako ganadu eta hegazti feria, eta ordu berean hasiko da Seber Altuben egongo den fruta, barazki eta herriko saltokien lehiaketa. Baina bi ekintza horiez gain, Iosu Amantzio txerriak ere ordu horretan hasiko du bere ibilbidea, eta 10:30ean Euskal Herritik etorritako artisauen postuak ikusteko aukera izango da Jokin Zaitegi Plaza inguruan. 11:00etan Aramaioko sagardoa eta taloak izango dira Herriko Plazan.

Uluak talde antiespezista

Aurten sortu den talde horrek performance baketsu bat egingo du Biteri plazan, 10:00etatik 14:00etara. Hala, "tradizioaren izenean animaliak erabiltzen dituzten jaien aurka" daudela adierazteaz gain, txistor beganoa banatuko dute.

Dantzak eta musika

11:30ean Arrostaitz eta Lore Gazteak taldeetako dantzariek kalejira hasiko dute herriko kaleetan zehar, trikitilarien, txistularien, gaiteroen, albokarien eta txalapartarien laguntzarekin. Ostean, 12:50ean txerri dantza egingo dute Herriko Plazan. 11:30ean, herriko kaleetan zehar ibilbidea hasiko dute Los Incansables txarangakoek eta Iturengo joaldunek. 12:00etan, fruta eta barazki lehiaketaren sari banaketa egingo dute, Seber Altuben, eta 12:30ean herri kirol erakustaldiak egongo dira Zaldibarko frontoian.

Herri bazkaria

Goizaldeko ekintza guztien ondoren, Azoka plazan herri bazkaria egingo da. Bada, bertara joateko txartelak bi orduko tartean agortu dira aurten. 18:00etan binakako pilota txapelketako neurketa izango da Uarkapen, eta bertan arituko dira nor baino nor gehiago Bengoetxea-Larunbe eta Irribarria-Merino bikoteak. Arratsaldeko zazpietan Batzen dantza herrikoia abiatuko da Arbolapetatik, eta 19:30ean txerri dantza eta larrain-dantza ikusi ahal izango dira Herriko Plazan. 20:00etan txerri zozketa egingo dute, eta ostean Ilargi Baltza taldearen dantzaldia izango da Plazan.

Erlazionatuak

Biharko motorrak berotzen

Xabi Gorostidi 2017 abe 21 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak