Baleikek eta Irabazik diote herritarren kexak publiko izatera "behartu" dutela Udal gobernua

Xabi Gorostidi 2017ko abe. 20a, 11:31

Abuin eta Merino BAZen, kexak publiko egiteko eskaerak eskuan dituztela.

Ekimena aurkezterakoan Baleikek eta Irabazik azaroaren 24an BAZen erregistratutako eskaria ez aipatzea leporatu diote Udal gobernuari: "ez dute aitortu ekintza hau Baleike eta Irabazi udal taldeen eskaerak behartua egin dutela". Aurkezpenean izan zen zinegotzi bat ere kritikatu dute, legealdian zehar OZMA batzordean herritarren kexak ez erakusteagatik.

Argazkian Eva Abuin eta Juan Luis Merino azaltzen dira, azaroaren 24an BAZen bete zuten eskaera orria eskuan dutelarik. Bertan, hilero-hilero, bi alderdiei BAZen jasotako kexak helaraztea eskatzen zuten, ondoren horiek Obrak, Zerbitzuak, Obrak eta Mantentze batzordean landu ahal izateko.
 
Udal gobernuak oharra ikusita zera erantzun nahi izan du: "Baleikek eta Irabazik eskatu dutena eurei kexak helaraztea da, baina guk beste gauza bat egin dugu: kexak herritar guztiei helaraztea. Bi gauza ezberdin dira".
 
Hona hemen Baleikek eta Irabazik komunikabideetara bidali duten oharra, bere osotasunean:
 
"Arrasateko udal gobernuak herritarrei egi guztia esan gabe jarraitzen du hedabideen bitartez. Orain egun batzuk prentsaurrekoan gardentasunaren alde pausuak ematen ari direla adierazi zuen publikoki, BAZ-eko hiritarren kexak web orrian argitaratuko zituela esanez, baina errealitatean ekintza hau Baleike eta Irabazi udal taldeen eskaerak behartua egin dutela aitortu gabe.
 
Aldaketa aurrerakoi guztiak legedi honetan oposizioaren eskaera eta proposamenen bitartez egin direla aldarrikatu nahi dugu, gobernu taldeak propio bezala saldu nahi dituen arren.
 
Harriturik gaude nola prentsaurrekoan egia ezkutatzeko gobernuaren borondatearekin, aurreko legediko gobernua gai honen inguruan kritikatuz (esanez ez zutela BAZ-eko kexak oposizioari zabaltzen) guri behin eta berriz legedi honetan bertan proposamen hau bera batzordeetan ukatuz eta azkenean gure eskaeren aurrean behartuta eginez.
 
Argazkian bertan dagoen gobernuko zinegotziak, Juan Ramon Mendietak, behin eta berriz ukatu  digu kexa hauek eskuratzeko aukera Obra eta Zerbitzuetako batzordeetan, oposizioaren lana oztopatuz eta daukagun informaziorako eskubidea urratuz.
 
Kasu honetan bezala, beste hainbat aurrera pausu oposizioko taldeek bultzatuak izan dira eta ez gobernuaren ekimen edo borondateagatik, hauen xedea horrela saltzea izan arren".
 
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak