Asier Burguete: "Nahiago dut antzerkia egitea grabatzea baino"

Xabi Gorostidi 2017ko abe. 15a, 13:56
Asier Burguete.

Abenduan estreinatu dute herriz herriko antzerki bira berria, eta zapatuan geldialdia egingo dute Arrasaten. Hitzordua Amaia Udal Antzokian da, 17:00etan. Gazteen artean arrakasta nabaria izaten ari da ETB1eko telesaila, eta Arrasateko gaztetxoek euren aktore kutunak gertugertutik ikusteko aukera izango dute.

Zer aurkituko dute bihar ikuskizuna ikustera doazenek? 

Ostiralero ETB1en ikusten ari garen telesailaren laburpen antzerako bat ikusi ahalko dute arrasatearrek, musikal formatuan. Zer ikusiko duten? Bada, Gariren eta Eliren arteko amodio istorioak, Julen eta Naia, Zuzen hor ibiliko da, eta Markel ere bertan izango da, bere ohiko bihurrikeriak egiten.

Zure kasuan, non gozatzen duzu gehiago, grabazioak egiten ala zaleen aurrean antzezten?

Nik neuk nahiago dut zaleen aurrezko antzezpena; batez ere, euren erreakzioak ikusteko aukera daukadalako. Dibertigarriagoa da. Telesailean, plano ezberdinak egiteko errepikapen asko egin behar izaten ditugu, eta, niretzako, zuzeneko hauek errazagoak dira. Adibidez, antzezlekuetara heltzen garenean, eserleku guztiak hutsik daude. Baina saioa egitera irteten zarenean, eta aulki guztiak jendez gainezka ikusten dituzunean, oso sentsazio atsegina da, eta motibazio puntu bat ematen dizu, grabazioek ematen ez dizutena.

Noiz hasi zineten bira berri honekin?

Abenduaren 3an estreinatu genuen, Azpeitian, eta oso ondo funtzionatzen dabil.

Go!azen izaten ari den arrakasta agerikoa da. Zein da, zure ustez, telesailaren gakoa gazteekin hain ondo konektatzeko?

Nire ustez, gako nagusia da Euskal Herrian gaztetxoentzat ez dagoela telesailik, ezta antzerki nahikorik. Ez daukate aukeratzeko gaitasun handirik. Helduentzako, aldiz, eskaintza zabala dago, bai telesailetan eta baita antzerkiei dagokienez ere. Baina, gazteek dituzten aukera gutxi horien artean, euskarazkoak askoz gutxiago dira; beraz, hutsune betetzera etorri da Go!azen, eta hemen jarraitzeko gogoz gaude. 

Arrakasta aipatuta, horren adibide garbia da ez dela jada sarrerarik geratzen. Zein mezu helarazi nahi diezu antzerkia ikustera joango direnei?

Esan nahiko nieke oso ondo pasatuko dutela, barre asko egingo dutela, eta denbora guztian dantzatzen eta abesten egongo direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak