Niko Cuenca: "Krisiak utzitako ondorioak betiko geratuko dira"

Mireia Bikuña 2017ko abe. 15a, 10:00

Ekonomia berbagai ipinita, mahai-ingurua egin dute asteon. Niko Cuenca ekonomista izan da hizlarietako bat, AED-k gonbidatuta. Urko Lopezekin batera egin dute egungo egoera ekonomikoaren errepasoa.

Hasteko, krisitik irten gara?

Datuek diote baietz. Aberastasuna neurtzen duen Barne Produktu Gordina 2007koaren pare dago egun. Baina zifrak besterik ez da. Ostera, langabezia datuek diote, oraindik, egoera txarra dela. 70.000 lanpostu gutxiago daude, baina berdina produzitzen da. Nola da posible hori? Hor, efizientzia arazoa dago.

Hortaz, etorkizun baikorra izango dugula esango zenuke?

Argi batzuk badaude honetan guztian. Baina kezkagarriena da krisitik nola, zein modutan, zein egoeratan atera garen. Egungo pobrezia tasa krisia hasi aurrekoa baino handiagoa da. Klaseen arteko desoreka oso nabarmena da. Pobre zirenak pobreagoak dira eta aberatsak, aberatsago. Oso pobreak zirenak ez dira krisitik irten.

Krisiaren aitzakian hartutako neurriak kalterako izan dira?

Bai. Lan merkatuaren erreforma, pentsio sistemen erreforma, soldaten jaitsiera... Horiek guztiak, gelditzeko etorri dira. Krisiak utzitako ondorioak betiko geratuko dira. Multinazionalek kontrolatzen dute guztia. Geroz eta botere handiagoa dute, eta gobernuak kentzeko edo aldatzeko gaitasuna ere bai. Italian, adibidez, Berlusconi kendu eta Monti ipini zuten. Demokraziak ere indarra galdu du.

Etorkizuna beltza da, orduan?

Ez nuke hori esango, baina lan handia daukagu aurretik. Bereziki, baldintzak duintzeko. Pentsio sistemak eta lan erreformak utzitako ondorioak kezkatzen naute bereziki. Dena den, argitasunak ere badaude.

Zeintzuk dira aurretik aipatu dituzun argitasun puntu horiek?

Euskal Herriak beste batzuek baino hobeto jasan badu, industriarengatik izan da. Lan-baldintza hobeak izan ditu. Eta baita kooperatibismoak izan duen sarearengatik. Fagor itxi zutenean, beste kooperatiba batzuetan hartu zituzten hango langileak. Kooperatibismoak bermatu egin du enpresak hemen geratzea. Enpresen deslokalizazioa oso txikia izan da bailara batzuetan. Bereziki, Debagoienean.

Pobreak pobreago eta aberatsak aberatsago. Eta, klase ertaina?

Klase ertaina berreskuratzen hasi da. Krisiaren aurretik sinestarazi ziguten guztiok ginela klase ertaina. Baina segituan antzeman zen hori ez zela erreala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak