Arrasateko 2018ko udal aurrekontuak abenduaren 5ean egin zen osoko bilkuran onartu ziren, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta oposizioko alderdien aurkakoekin.
Orain, oposizioko hiru alderdiek, EH Bilduk, Baleikek eta Irabazik, euren ezadostasuna adierazi dute 2018ko aurrekontu proiektua lantzeko erabili diren moduekin eta formekin, prentsaurrekoan.
Adierazi dute salagarria iruditzen zaiela aurrekontua behar den moduan aztertzeko beharrezkoa den dokumentazioaren osotasuna jasotzeko orduan izan den atzerapena. Eta gaineratu dute EAJ eta PSE-EE gobernu taldeak ez duela asmorik izan oposizioko alderdien proposamenak "modu serioan" eztabaidatzeko. Aurrekontu "kontinuistak eta elektoralistak" direla esan dute. Hauxe adierazi du zehazki Baleikeko Eva Abuinek: "Aurrekontu kontinuistak dira, aurreko legealdietako aurrekontuen gidalerro berak jarraitzen dituzte, banaketa ekonomikoaren irizpideei dagokienean edota gastuak estrukturatzeko lehentasunetan. Gobernu talde honen hirugarren aurrekontuak dira eta apustu nagusiak elektoralistak dira kanpaina irudia helburu dutenak. Oso eskaparaterako kontuak dira, formalki osatuak eta datozen 2019ko Udal hauteskundeei begira daudenak nagusiki".
Salatu dute baita ere "iraingarria" iruditzen zaiela aurkeztu dituzten 95 emendakinetatik bakarra onartu izana. Eta eskaera hau egin diote Udal gobernuari: "Badugu eskaera zehatz bat Udal Gobernuarentzat; 2019ko aurrekontuetan prozesuak errespeta ditzala lan modu egokian egiteko epeak zein dokumentazio beharrak eta oposizioarekin negoziatzera eseri behar bada, egon dadila adostasunerako borondate minimo bat".