2018ko udal aurrekontuak onartu dituzte abenduko osoko bilkuran

Xabi Gorostidi 2017ko abe. 5a, 23:17

32.247.058 eurokoa izango da Arrasateko Udalak datorren urterako izango duen aurrekontua, iazkoa baino %2,16 handiagoa. EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin egin du aurrera, nahiz eta oposizioko alderdiek aurka botatu duten. EH Bilduk, Baleikek eta Irabazik hamazazpi emendakin aurkeztu dituzte, baina denetan emaitza bera errepikatu da: 10 boto alde, eta 11 kontra.

Urteko azken osoko bilkuran onartuta geratu da 2018rako Arrasateko Udalak izango duen aurrekontua. 32.247.058 eurokoa izango da, iaz baino 700.000 euro gehiagorekin.

[Atxikituta aurki dezakezue aurrekontuen xehetasunak batzen dituen aurrekontuen memoria].

EAJren udal taldeko bozeramailea den Anuskak Ezkurrak azaldu du "aurrekontu errealistak, zuhurrak, solidarioak eta egonkorrak" direla. Enpleguaren sorrera eta ongizate zerbitzua indartzeko balioko dutela adierazi du, hainbat adibide emanez. Enpleguaren kasuan, aurrekontua 800.000 eurokoa izatetik 1.034.000 izatera pasatzea, edo gizarte zerbitzuetan biztanle bakoitzeko 229 euro bideratzea. Horrez gain, Juan Arzamendi Musika Etxea eta Kulturola proiektuetan inbertsio garrantzitsuak egingo dituztela gaineratu du "arrasatearrentzat proiektu estrategikoak direlako".

Oposizioko alderdi guztiek bat egin dute Udal proposamena "berandu eta gaizki" heldu zaiela esanez, eta euren emendakinak onartzeko "borondate falta" salatu dute.

Oposizioaren balorazioei dagokionez, EH Bilduko Eneko Barberenak adierazi du eurek aurkeztutako 50 emendakinetatik bakarra izan dela onartua, konkretuki jaietara bideratuko diru-partida 22.000 euroan handitzearena. "Gure eskariak ez onartzean, hauen onuradun izango liratekeen kolektiboak dira kaltetuta aterako direnak" azaldu du Barberenak, eta adibide bezala jarri du alokairuak diruz laguntzeko programan eurek planteatzen zuten partida gehigarria, ezgaitasunak dituztenak, dibortziatuak eta 70 urtetik gorakoak kontuan hartzen dituena.

Udal gobernuarekin birritan batu direnean nabaritu duten "faltsutasuna" salatu nahi izan du Baleikeko Igor Urizarrek. 2018rako egongo diren 700.000 euro gehigarriak gehien behar dituztenei ez bideratzea kritikatu du, horren ordez "adreiluzko proiektuak" finantzatzen direlako. Gizon eta emakumeen arteko ezberdintasuna baretzeko neurriak bota ditu faltan, eta adibide bezala jarri ditu Arrasateko enplegu datuak.

Irabaziko Juan Luis Merinoren ustez "tamalgarria da aurrekontuak izan duen igoera, enplegura, gizarte zerbitzuetara, ingurumenera eta komertziora ez bideratzea". Horrez gain, aurrekontu parte hartzaileetara bideratuko diren 250.000 euroak "lotsagarritzat" jo ditu, inbertsioen ataleko %6a bakarrik direlako.

Oposizioak egindako kritikei erantzunez, Anuska Ezkurrak adierazi du "ikuspuntu ezberdinak" dituztela. "Zuen emendakinetan gure partidei gehikuntzak egitea eskatzen duzue, baina gehikuntzak egiteko dirua beste leku batzuetatik kendu behar da, eta guretzako Juan Arzamendi eta Kulturola behar estrategikoak dira".

Aurrekontuekiko ikuspuntu orokorrak azaldu ostean, emendakinak botatzeari ekin diote. EH Bilduk bederatzi aurkeztu ditu, eta Baleikek eta Irabazik launa. Horietako bat bera ere ez da onartu, denetan emaitza berdina errepikatu delako: hamar boto alde (EH Bildu, Baleike eta Irabazi), eta hamaika kontra (EAJ eta PSE-EE). Hauek izan dira aurkeztutako emendakinak, alderdiz alderdi.

EH Bildu:

  • Kiroletako aurrekontua handitzea.
  • Genero ikuspegia kontuan hartzeko gehikuntza.
  • Etxebizitza alokairurako laguntzetan B atala sartzea.
  • Kulturolaren dinamizaziorako arduradun bat ezartzea.
  • Hileta Zibilak egiteko gune estali bat egokitzea.
  • Komertzio planean auzoen ikuspegia txertatzeko gehikuntza.
  • Ekonomia sozial eraldatzailerako diru-partida.
  • Bizikletak garbitzeko gunerako diru-partida.
  • Alderdi politikoen finantzazioa eztabaidatzeko proposamena.

Baleike:

  • Klausula sozialak txertatzea udal kontratazioetan.
  • Behar gehien dituztenak identifikatzeko gizarte zerbitzuetan irizpide sailkapena txertatzea.
  • Arrasate Musikalerako gizarte beka.
  • Aurrekontu parte hartzaileetan 45.000 euroko gehikuntza egitea

Irabazi:

  • Herriko langabeak kontratatzeko diru-laguntza partida igotzea.
  • Enplegu plana eraikuntza sektorean lan egin izan duten 45 urtetik gorako pertsonentzat.
  • Larrialdi egoeran daudenentzako laguntzak handitzea
  • Ohiko etxebizitza galtzen dutenei laguntzeko 20.000 euroko diru partida sortzea.

Autobus zerbitzuko "murrizketak" salatzeko mozioa

Aurrekontuak onartu ostean, azken mozio bat eztabaidatu dute: EH Bilduk, Baleikek eta Irabazik kalitatezko garraio publikoari buruz aurkeztu dutena. 2017ko lehen seihilekoan erabilpenean igoera "nabariak" egon ostean Arrasate-Aretxabaleta-Eskoriatza linean izandako "murrizketak" salatu dituzte honako adibideekin: autobusen maiztasuna 20 minutukoa izatetik 30 minutukoa izatera pasatzea, eta gauetako ordutegia laburtzea.

Oscar Garciak erantzun du zerbitzua beti hobetu daitekeela, eta jarraian Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako aldaketek ekarritako hainbat onura zerrendatu ditu. "Gidariak bi ordu pasatxoko ibilbide zirkularrak egitetik, ordubeteko ibilbideak egitera pasa dira, atseden hartzeko dituzten tarteak errespetatuz. Horrez gain, autobusean doazen bidaiari kopurua handitu egin da. Irailean bataz beste 20 bidaiari zeuden autobuseko, eta urrian, aldiz, zifra hori 38koa izan da".

Juan Luis Merinok salatu du zerbitzuan aldaketak egin izanaren arrazoietako bat, Eskoriatzan jasotako hamabi kexak izan direla, zerbitzu berriaren aurka 700 kexa aurkeztu direnean. Eneko Barberenak, aldiz, gaineratu du iraileko erabiltzaile kopurua urrikoaren alderatzerakoan, unibertsitateko ikasleak ez direla kontuan hartzen.

Puntu honen ostean HIESAren nazioarteko egunaren inguruko adierazpen instituzionala irakurri dute.

Herritarren kexak galde eskeetan

Gaurkoan lau izan dira euren kexak osoko bilkuran adierazi dituzten herritarrak.

Oscar Chinarrok adierazi du, zerbitzu sozialetara laguntza bila joan ostean, psikiatrara bidali zutela. Ostean gaineratu du, bere etxebizitza arazoari urtarrilaren 1a baino lehenago erantzuten ez badiote, epaitegietara joko duela Arrasateko Udalaren aurka.

Elena Fernandezek etxebizitza lortzeko dauden arazoentzako konponbideak eskatu ditu, eta salatu du Alokabidek ezartzen dituen baremoak "gehiegizkoak" direla.

June Fernandezek herriko komertzioak laguntzeko neurriak eskatu ditu. Egoera "penagarria" dela esan du, eta horretaz jabetzeko herrian dauden lokal hutsen kopurua ikustea nahikoa dela adierazi du. Bera bezalako ekintzaileentzako erraztasunik ez dagoela ere salatu du: "bidai-agentzia bati zaborren-tasagatik 600 euro eskatzea gehiegikeria da".

Azkenik Placi Garciak hartu du hitza. Besteak beste, Arrasate Musikal ordaintzeko laguntzak jartzea eta igandetan herri bus zerbitzua egotea eskatu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak