LABek "beste industria politika bat" eskatu du Gipuzkoako Ogasun diputatuaren aurrean

Mirari Altube Arrese 2017ko abe. 14a, 11:53

Foru Aldundiko Ogasun diputatu Jabier Larrañaga Arrasateko JMA enpresan izan da bisitan gaur goizean. Horren aurrean, LAB sindikatuak adierazi du "PNVren industria politika eza estaltzeko propaganda-bisita" izan dela.

Industriaren "benetako errealitatea oso larria" dela diote LABeko ordezkariek: "Eta ardugabekeria itzela da PNV egiten ari dena industriaren egiturazko arazoaren aurrean". Gaineratu dute halako bisitekin euskal industriak ikerkuntzan, garapenean, berrikuntzan eta teknologia mailan, eta pertsonei dagokienean (jakintzaren galera, prekarietatea…) dituen desabantailak estali nahi dituztela, baita digitalizazioaren gaineko eztabaidaren beharra ere.

"Saltzen ari diren ke horren guztiaren atzean, eskualde honetan bertan, Arcelor Mittal, Edesa Industrial, Alfa eta beste hainbat enpresatako langileak daude", adierazi dute eta hainbat datu eman dituzte: "Arcelorrek, Euskal Herrira etorri zenetik, 10 urtean lanpostuen %52a suntsitu du; eta nola liteke Alfako jabeek 2,3 milioi banatu izana irabazi moduan eta orain likidazioan sartzea?".

Era berean salatu dute "eztabaida publikoari bide eman gabe, gobernuak alde bakarrez onartu duela hurrengo bost urteetarako industria plana". Beste era batera egin daitezkeela kontuak uste dute, eta hamar neurri jasotzen dituen dekalogo bat proposatu dute: "Frogatzen dutenak bestelako industria politika bat egingarria dela". Etorkizuneko industriaren bultzatzearen alde agertu da LAB, "aurreratua teknologikoki baina baita sozialki eta langileen ikuspegitik ere". Eta etorkizunean izan beharreko industriaren eztabaida "eragile eta sindikatu guztien parte-hartzearekin" egin beharko litzatekeela gaineratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak