'Puntua' aldizkaria: Iñaki Bengoa musikariari elkarrizketa

Monika Belastegi Aranzabal 2017ko abe. 13a, 15:59
Iñaki Bengoa.

Eskarmentu handia du musikagintzan Iñaki Bengoa arrasatearrak. Soinu teknikaria da, ogibidez, urteak daramatza Shot! estudioa kudeatzen. Musika estilo ezberdinetan murgildu izan da, eta jende asko ezagutu du bidean; RIPekoak bezalakoak inon ez dituela aurkitu dio. Goserekin hamar urte egin eta gero, Anita Parker proiektu berrian dago orain. Puntua-ren azken zenbakian elkarrizketa egin dio Aitziber Aranburuzabala kazetariak.

Anita Parker sortu berri duzue. Nondik dator?
Anita Parkerren sorrerak Gose taldearen amaierarekin lotura zuzena du. Goseko kide zen Amaia Apaolaza hil zenean, hilabete batzuetan atseden hartzea pentsatu genuen, indarra eta ilusioa berreskuratuta geroago lan berri bat grabatzeko asmoarekin. Amaiaren heriotzak eta argitaratu genuen aurreko lana Gosariak izateak –hau da, ez zen %100ean Gose disko bat– lan berri bat ateratzeko gogoa piztu zigun kide batzuei, baina ez guztiei. Bien bitartean, Osoron-ek eta biok kantuak egiten eta ideiak grabatzen jarraitu genuen, hasiera batean Gose taldearentzako zirenak. Gosek jarraituko ez zuela ikusi genuen geroago, baina bilduta genuen material guztiari irtenbidea eman gura genion, eta halaxe erabaki genuen Anita Parkerrekin hastea.

Jon Zubiaga Osoron duzu oraingoan ere bidelagun, baina baita Ane Martinez (Zango) eta Olatz Andueza ere (Skalariak).
Ane batu zen proiektura lehenengo eta hiruron artean   eman genion forma bilduta genuen materialari. Bien bitartean, laugarren hankaren bila jarraitu genuen eta Olatz heldu zen, azkenean, diskoko kantuak ia bukatuta zeudela.

Swing elektroniko moduan defini daiteke; hortaz,  Mondra musika estilotik kanpo oraingoan ere?
Niretako, Mondra estiloa RIP, Zirrosis, Vioch-R... ziren; ondoren etorri zen guztia zentzurik ez zuen zerbait suspertzeko asmakizun edo ahalegin bat izan zen. Egoera sozial eta politikoa oso ezberdina zen. Duda barik, kooperatibak punka akabatu zuen.

Txakur zaharra zara musikaren alorrean. Los Albertos eta El Leprosario izan ziren zure lehenengo taldeak.  Garai hartako ze oroitzapen dituzu?
Txakurrak oso gustuko ditut! Txakurrekin hainbat gizakirekin baino hobeto moldatzen naiz, eta zaharra, noski. Txakur zaharrak ez du alferrik zaunkarik egiten. Garai hura guztiaren hasiera izan zen eta oraindik ere ikasten jarraitzen dugu, soinuak eta banda berriak aurkitzen. Ilusio horrek mantentzen gaitu honetan guztian. Garai hartan, Fugazzi deskubritu genuen eta ilusio berarekin deskubritu dugu gaur egun Vitalic, eta euren kontzertuetan flipatzen jarraitzen dugu.

Soinu teknikari ikasketak Bartzelonan egin zenituen.  Zer moduz ibili zinen han?
Musika alorreko ia guztia Bartzelonan hasi zen niretako. Joko Olinpiarren aurreko Bartzelona zen, hondartza eta turismo bakoa... musikalki bor-bor zegoen. Gaur egun den guztia eraikitzen ari ziren garai hartan. Katalanez abesten zuten taldeekiko laguntasun handia zegoen, TV3 kateak zuzeneko musika programatzen zuen... Ikasten ari nintzela, zuzenekoetan lan egiteko zortea izan nuen; besteak beste, Sopa de Cabra eta El Pets taldeen ardura zuten enpresekin. Ikasketa itzela izan zen hura. Joko Olinpiarrak hasi zirenean bukatu nituen ikasketak eta egun hartan erabaki nuen Euskal Herrira itzultzea.

Katalunia modan dago. Ze iritzi duzu prozesuaz?
Ez dut uste Kataluniarena moda kontua denik. Urteak daramatzate independentziaren alde borrokan; gertatzen dena da Espainiako Gobernuak nahiago izan duela beste alde batera begiratu. Urteetan hazten joan den sentimendu bat da, gero eta jende gehiago batzen joan dena. Oso gizarte mugimendu indartsua da, auzoetan sortu eta zabaltzen joan dena eta haziz eta haziz, alderdi politikoak kezkatzea eta batzea lortu du, sekula independentziaren alde ezertan busti ez ziren alderdiak, baina, jendeak zer eskatzen zuen ikusita, amore eman behar izan zuten.

Euskal Herriak haren pausoak jarraitzeko aukerarik ikusten duzu?  
Ez dut EAJ independentzia aldarrikatzen ikusten. Espainiako demokrazian erosoegi daude.

Euskal Herriko musika industrian eragingo luke?  
Militantzia hutsagatik dago bizirik euskal musika, telebista eta irrati publikoek programatzen duten euskarazko musika ez da %20ra heltzen, eta beheranzko joera dauka; Katalunian eta Frantzian, berriz, legez %60 jarri behar dute. Hemen ez bada zabaltzen, zaila izango du inora heltzea. Musika entzuten ez bada, hiltzen doa, eta musikariek, poliki-poliki, beste hizkuntza batzuk aukeratuko dituzte gutxieneko hedapena izateko. Zenbat talde daude gaur egun euskaraz abesten dutenak baina zatiren bat ingelesez edo gaztelaniaz abesten dutenak? Bai, horixe, poliki-poliki.

Argi dago euskara maite duzula, eta ulertu dena egiten duzula, baina ez duzu euskaraz hitz egiten.
Euskara zaindu egin behar dugun gure altxortxoa dela uste dut, baina, izateko moduagatik edo jaso dudan hezkuntzagatik, eta, bereziki, dudan adinagatik, gazteleraz pentsatzen dut; hortaz, hitz egiterakoan ere, gazteleraz mintzatzen naiz hobeto eta gusturago geratzen naiz. Hala ere, gustatzen zait aurrean dudan pertsonak euskaraz pentsatzen badu euskaraz berba egitea, eta nik ahal dudan moduan erantzungo diot pentsatzen dudan hizkuntza berean, gazteleraz.

Zure ibilbidera itzulita, 90eko hamarkadan Bad-f-Line sortu zenuten, tekno industriala. Euskal Herrian lagun gutxi... Zelan joan zen etapa hura?
Madrilgo etxe batekin atera genituen gure diskoak; hasieratik lagundu ziguten, oihartzun handiagoa izan genuen kanpoan. Bueno, Euskal Herrian musikak beti izan du zuzentasunaren polizia moduko bat, ezarritako kanonetatik inor atera ez dadin zaintzeko. Garai berean, Hemendik At!  taldeak sekulako arrakasta zuen. Teknoa hura ere, baina diskurtso digerigarriagoarekin; ez dut uste estilo kontua zenik. Ez ginen gustukoak, eta kito. Egia da Euskal Herrian musika elektronikoari  zaila izan zaiola hainbat girotan sinesgarritasuna irabaztea; eta, oraindik ere, uste dut errezeloarekin begiratzen zaiola. Zenbat elektronika talde egon dira azken Hatortxu Rocken? Ba, horixe...

Eta ondoren, Gose etorri zen; trikitia, rocka eta elektronika pack berean, eta probokatzeko gogoarekin.  
Sekula ez zen egon probokatzeko asmorik. XXI. mendean trikitiarekin atera, base elektronikoa, eta bondage-ari buruz berba egiteak norbaitek probokazioa dela sentitzen badu, akaso, arazoa beste toki batetik dator. Niretako, ez dago probokatzeko ezer hor. Non dago probokazioa? Emakume batek esateak? Trikitilaria zela? Bondage-ak? Ez dakit, nik ez dut ikusten.

Distantziatik begiratuta,  ze zaporerekin geratu zara?  
Musikan egin dudan garrantzitsuena da. Hasieratik Inesek eta biok genuen ideiatik ezer aldatu barik poliki-poliki hazten joan ginen eta hasieran bizkarra eman zigutenek gurekin bat egin zuten gero. Eta oso astunak izan eta egiten genuenean bete-betean sinistuta joan ginen diskoak egiten. Zer gura genuen bagenekien, baina ez genuen sekula pentsatu horrenbeste disko eta kontzertu izango zirenik. Lan handiko hamar urte izan ziren; hasieratik sinistu genuen gure kantuetan eta gogor defendatu genituen.

Opari polita, geroago, Gosariak lanarekin.
Ezin gara kexatu. Talde guztiek ez dute aukera Iñigo Arregi eta Juan Luis Goikolea moduko artistekin sekulako diskoa egiteko. Opari handi bat izan zen, egia esan. Hala ere, gure azkeneko diskoa ez izatea gustatuko litzaidake. Gose disko batekin bukatzea gustatuko litzaidake.

Atzerrian ere asko ibili zineten. Zer moduz?
Espero ez genituen gauza asko egiteko aukera izan genuen: film baterako musika –Eutsi–, Ibarretxe lehendakariarendako Bondage kantatu; Kurdinstanen 500.000 pertsonaren aurrean jo eta gero, bizkartzainekin atera behar; San Frantziskon eta Japonian jo; Korrikaren abestirako proposamena jaso; Bilboko errekan txalupa batean diskoa aurkeztu; Guggenheim barruan eta haren inguruan jo...  

Zelan dago egoera euskal taldeek kanpoan jotzeko?
Ba, uste dut kanpora begiratzen hasi beharra dugula, hemen sukaldariak dira-eta kultura orrietako protagonistak, eta musika seigarren mailan dago. Interesatzen den musika albistea, bankuek antolatzen dituzten jaialdi erraldoiak edo Espainiako artista famaturen bat datorrenean, horixe besterik ez.
Hesia salto egin, eta soinu teknikari lanei hel diezaiegun; laburbildu Shot!-en ibilbidea.  
Bartzelonatik etorri nintzenean, Arrasaten estudio bat muntatzeko ideia ekarri nuen, baina lokal berezia behar zen, eta zaila zen egokia topatzea; azkenean, San Andres auzoan dagoen Escatu pabiloia lortu genuen. Leporaino sartu ginen, eta 1996an maketak, diskoak... grabatzen hasi ginen.

Zer moduz doakizue?  
Toki berean gaude. Zaila izan da, hainbat krisitatik ateratzea lortu dugu eta burua tente esan dezakegu hortxe jarraitzen dugula; lehenengo egunean genuen ilusio berarekin. Ez da gutxi. Audioa behar duen edozein lan egiten dugu: industria-makinendako jarraibide-oharrak, historiari buruzko lokuzioak, iragarkiak, Mursegoren azkeneko diskoa...

Zuzenekoetako soinu teknikari ere jarduten duzu. RIPekin hasi zinen. Garai gogorrak, onak... nola gogoratzen dituzu?  
RIPeko teknikaria nintzen, bai, baina gero, Kataraineko lagun handiekin elkarlanean hasi ginen eta eurek eramaten zituzten taldeen zuzenekoak ere egiten nituen: Betagarri, SA, Sagarroi, Kaotiko... Hernaniko kontzertu gogoangarri batean, RIPek eta La Polla Recordsek jo zuten, eta, kontzertua bukatutakoan, Evaristok eta taldekideek eurekin hasteko proposatu zidaten, eta utzi zuten arte eurekin egon nintzen. Geroago, Evaristok sortu zituen The Kagas eta The Meas taldeekin ere jarraitu nuen. Ondoren, Evaristorekin Gatillazo abiatu genuen eta lauzpabost urte egon nintzen.

Zer diozu garai hartako Arrasateri buruz?
RIPena errepikaezina da. Talde moduan bakarra zen, ez bakarrik euren kantuengatik, baizik eta eurak ziren moduagatik. Gainera, eurekin joaten zen jendea zoragarria zen eta guztien artean sekulako piña egiten zuten. Zoritxarrez, horietako asko dagoeneko ez daude gurekin eta haien falta igartzen da. Portu, Karlos, Mariano eta, bereziki, Yul pertsona ikaragarriak ziren, munduko beste puntara joateko modukoak. Rock-and-rollean ez dut pertsona hoberik ezagutu. Onenak, duda barik, RIPekoekin.

Ibilbidean zehar jende asko ezagutu duzu.
Urteetan zehar jende pila bat ezagutzen duzu, bai; batzuk, zoritxarrez, dagoeneko ez daude eta beste batzuekin harremana galtzen zoaz. Bartzelonan nirekin bizi zen Jonan Ordorikari esker, Angel Katarainen inguruarekin oso harreman ona izan dut beti. Amaiak Shot!-eko paperak eramaten zituen, Goseko kide zen eta oso-oso harreman berezia nuen harekin. Kolpe itzela izan da, eta ez naiz oraindik suspertu. Hark eramaten zituen taldeekin ere oso harreman ona dut: Esne Beltza, Fermin, Ruper Ordodika...

Durangoko Azoka zabalduko dute bihar; maitatua, baina kritikatua ere bai. Zer diozu Azokaz?
Ba, eskerrak Azoka daukagula.... Urtean lau egunetan, behintzat, Euskal Herriko musikak diskoak saltzen ditu, eta komunikabideetan ahotsa dute. Hortaz, aprobetxatu beharra dago, geratzen zaigun azkena da. Urtero joateko ohitura dut. Urte askoan Goseren standa jarri dugu, beste urte askotan kontsumitzaile moduan, eta aurten Maukaren bitartez joango naiz Anita Parker aurkeztera. Diskoa zuzenean aurkezteko aukera ere izango dugu: abenduaren 9an 13:40an izango gara Ahotsenea Zuzenekoak gunean. Ikaragarri gustatzen zait Ahotsenearen apustua. Azokaren etorkizuna dela iruditzen zait. Horrenbeste talde euren lanak aurkezten ikustea galdu ezin dudan luxua da niretzat. Ahotseneaz gozatzeko bakarrik merezi du Azokak.

Ezin bukatu, Kooltur Ostegunak musika zikloa aipatu barik, hasieratik zaude antolatzaile taldean.  Zer diozu daraman ibilbideaz?
Sartu nintzenean, ordurako taldetxo bat bazebilen zerbait egin guran, eta deitu egin zidaten eurekin elkartzeko. Asko gustatu zitzaidan topatu nuen jendea, oso musikazaleak guztiak, eta Arrasaten kulturaren alde lan egiteko gogo handia zutenak. Oso ibilbide emankorra eta interesgarria egin duela iruditzen zait; autogestioan oinarrituta, gainera. Pena ematen dit gazte jende askorik ez delako joaten, baina, orokorrean, herriarentzako, eta gaztetxearendako, ona da. Sekulako lana da astero kontzertuak antolatzea, baina merezi du esfortzuak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak