Hirigintza, Ingurumen eta Mugikortasun zinegotzi den Ibon Arrupek eman du lehiaketaren berri, eta honela azaldu du zein den lehiaketa honen helburu nagusia. "Monterron parkea erabilera pribaturako diseinatuta dago. 1983an parkea publikoa egin zen, baina ordutik ez da esku hartzerik egin bertan, eta ezkutuan geratzen da Arrasate ondo ezagutzen ez dutenentzat. Lehiaketa honen bidez, parkeko sarbidea herrira zabalduko duten diseinu ezberdinak pilatuko ditugu, etorkizunean esku hartzerik egokiena egin ahal izateko".
Errespetatu beharreko elementuak
Diseinu guztiek, bai ala bai errespetatu beharreko elementu batzuk izan beharko dituzte. Horien artean daude, San Juan jaietan edo Maritxu Kajoien txosnak jartzeko gune bat izatea, Zarugaldetik San Frantziskoraino joango den bidegorria, eta baita Kondekuan 100 plaza izango lituzkeen lur azpiko aparkalekua.
Irudia: Gorriz agertzen den eremua birdiseinatu beharko dute parte hartzaileek.
"Mugikortasun planean Otalora, Zarugalde, Olarte eta Inazio Zuloaga kaleetan aldaketak aurreikusten dira, eta bertan galtzen diren aparkalekuentzako konponbide bezala ikusten dugu Kondekuako lur azpiko parkinga. Oinezkoentzako eta bizikletentzako espazioak irabazteko 131 aparkaleku desagertuko lirateke, eta horientzat alternatiba izango litzateke Kondekuako parking-a, egoiliarrentzako 100 plaza izango lituzkeena. Hala ere, hau egitasmo bat besterik ez da, eta argi utzi nahi dugu, bertan ez dugula esku hartzerik egingo aparkalekuentzako alternatibarik ezarri gabe" azaldu du Arrupek.
Epe luzera egingo den proiektua izango dela ere azaldu du Arrupek: "Aparkeluekin lotutako aldaketa hauek ez dira legealdi honetan egingo, eta ziur aski hurrengoan ere ez".
Irudia: Ignacio Zuloaga eta Olarte kaleetan aparkalekuak baterian egitea aurreikusten da Mugikortasun Planean.
Irudia: Otalora kalean hiru aparkaleku lerroetatik bi kenduko lirateke, eta Zarugalde kalean trafikoa kenduko litzateke bidegorria eta oinezkoak pasatzeko.
10.000 euroko saria lehenarentzat
Lehiaketan parte hartzeko xehetasun guztiak urtea baino lehen argitaratuko dira, eta parte hartzaileek hilabeteko epea izango dute euren lanak aurkezteko. Ondoren jasotako lanekin erakusketa bat egingo da Kulturaten, herritarrek diseinuak ikusi eta euren iritzia eman dezaten.
Epaimahaia honako kideek osatuko dute, Udaleko Hirigintza saileko arduraduna, Mondragon Unibertsitateko ordezkari bat, EHUko ordezkari bat, Paisajisten Elkarteko ordezkari bat, Arkitektoen Eskolako ordezkari bat eta Ingeniarien Eskolako ordezkari bat.
Bost sari banatuko dituzte:
- Lehena: 10.000 euro
- Bigarrena: 5.000 euro
- Hirugarrena: 1.000 euro
- Laugarrena: 1.000 euro
- Bosgarrena: 1.000 euro
Arrupek hala azaldu du zergatik egin duten ideia lehiaketa formatuaren alde. "Lehiaketa bezala planteatuta ideiak erosi egingo ditugu, ondoren bertan aldaketak egin ahal izateko. Hala, Arrasateko Udala ez da lanak egitera behartuta egongo, eta dagokion udal gobernuan egoki ikusten duen momentuen erabakiko du egin edo ez".