Pobrezia energetikoari aurre egiteko bost neurri eskatu dizkio Baleikek Udal Gobernuari

Xabi Gorostidi 2017ko abe. 5a, 09:59

Irudia: pixabay

Otsaileko osoko bilkuran gai horri buruzko mozioa planteatu zuten Irabazirekin batera, eta udalbatzak aho batez onartu zuen. Hala, Udal Gobernua argindarra ordaintzeko zailtasunak dituzten herritarrak laguntzera "behartuta" dagoela uste dute Baleikekoek, eta bost neurri konkretu eskatu dituzte.

Alderdi moreko kideen ustez, kontsumo handiena duten hilabeteak izaten dira ordaintzeko zailenak, argindar enpresek prezioak garestitzen dituztelako. "Urteko une hauetan da argindar enpresek prezioak bidegabe puzten dituzten momentua, eta urtero milaka familiei argindarra eteten zaie, guztiz beharrezkoa denean hilabete hauetan hotzik ez izateko".
 
Hala, otsaileko mozioa onartu ostean, ondorengo bost neurriak eskatu dizkiote Udal Gobernuari, "argindarrerako eskubidea bizitza duin bat izateko oinarrizko eskubidea" delako.
 
  • Arrasaten lan egiten duten energia hornitzaileei protokolo bat luzatzea, argindarra eten baino lehenago gizarte zerbitzuekin kontaktuan jar daitezen. Azken hauek txosten bat garatzea eskatzen dute, zailtasun eta baliabide urriak dituztela frogatu eta ostean Udalak esku-hartzeak egin ditzan.
  • Udala pobrezia energetikoaren aurkako udal plan bat garatzeko konpromisoa hartzea, hiritarren etxebizitzarako oinarrizko hornikuntzak izateko eskubidea bermatzeko. Gizarte zerbitzuek pobreziaren gaineko diagnosi bat egitea eskatzen dute, pobrezia energetikoaren gainean hausnartzeko ardatz izan dadin. Euren nahia da, Udalak beharrezko neurri guztiak jartzea Arrasaten etxebizitza bakar bat ez dadin argindar gabe geratu.
  • Udal administrazioak hainbat ekintza informatibo martxan jartzea (esku orriak, hitzaldiak, informazioa webgunean) eraginkortasun eta aurrezte energetikoa bultzatzeko, eta hiritarrek ordainagiri energetikoen irakurketa zuzena egin dezaten.
  • Arrasateko Udalak etxeko argindarraren BEZa gutxiengora jaistea eskatzea Estatuko Gobernuari.
  • Arrasateko Udalak mezu bat igortzea Estatuko Gobernuari eta kongresuko talde guztiei, argindarraren ekoizpena, banaketa eta salmenta hiritarren zerbitzura ezarri dezaten. Horrez gain argindar banaketaren azpiegituren titulartasuna eta kudeaketa publiko bihurtzea eskatzea nahi dute, "bono soziala modalitate zabalago batera irekitzeko, eta erakunde publikoentzako tarifa berri bat ezartzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak