Hiru orduko mintzaldia eskaini du Vazquezek. Horretan, informazioa eman ez ezik, jaso ere egin du, saio parte hartzailea antolatu duelarik. Modu horretan, indarkeria matxistaren arazoa ikusarazi gura izan du, eta adibide praktikoak eskaini ditu horretarako; tartean, hainbat ikus-entzunezko. Halakoen bidez, eztabaidarako bitartekoak eskaintzea izan du helburu.
Bestelako bideak
Hainbaten artean, salaketaz gaindiko bideak erabiltzearen garrantzia azpimarratu du hizlariak. “Askotan, badirudi bide judizialak besterik ez duela indarkeria matxista pairatu duen emakumea salbatuko, baina orain arteko esperientziak erakutsi digu salaketa ez dela horren eraginkorra”, azaldu du. Horren aurrean, bada, “esku-hartze komunitarioa, gizarte zerbitzuen laguntza eta erasotzailea isolatzearen beharra”, aipatu ditu, besteak beste. Dena den, argitu du ez dela “bide judiziala” baztertu behar.
Gauzak horrela, Vazquezek esku-hartze komunitarioan jarri du mira: “Ezin dezaket esan bide eraginkorrena denik, ez baita asko esploraturiko bitartekoa; dena den, ziur naiz salaketak baino gehiago eskaini dezakeela. Esaterako, esan daiteke esku-hartze komunitarioak aurre egingo liokela eraso psikologikoei; salaketekin ez da hori gertatzen”. Hala, bere esanetan, gizartea esku-hartze komunitarioaren ideiaz elikatzea litzateke lehen urratsa.