Asteburuan hainbat ekimen, euskararen alde

Eneko Azurmendi 2017ko abe. 1a, 10:40

Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, aste osoan zehar hainbat ekimen egon dira martxan Arrasaten eta asteburuan ere ez da aspertzeko aukerarik egongo. Bestalde, orain arte Arrasateko Euskalgintza izan dena Geike bilgunea izango da aurrerantzean.

Domekan izango da Euskararen Nazioarteko Eguna eta Arrasateko Euskalgintza martxan da eguaztena ezkero. Izan ere, hainbat ekintza egin dituzte astean zehar, eta asteburura begira egitarau zabala dute prest.

Eguaztenean hasita, mural kolektibo bat ari dira margotzen, Txatxilipurdi Elkartearen garaje handian. 14:30etik 18:00etarako tartean, arratsaldero, eragile desberdinetako kideak elkartu dira, elkarrekin horma-irudi eder bat osatzeko, eta gaur –egubakoitza–bukatuko dute murala, ordu berean.

Bestalde, gaur hainbat ikastetxetan ekintza bereziak egingo dituzte; adibidez, Euskararen Egunerako kaxaz osatutako horma-irudiak. Euskaltegietan ere ari dira ospatzen. Izan ere, udal euskaltegian mintzodromoa eta txokolate-jana egin zuten atzo, eta AEK-ko euskaltegian Euskara gehiago egiteko zer egin geike esaldiak-konpromisoak landuko dira klaseetan, eta gero, txapak egingo dituzte, horiek aldarrikatzeko. Bestalde, ludoteketan altxorraren bila ibiliko dira herriko kaleetan zehar eta txokolate beroa hartuaz amaituko dute eguna.

Asteburuari begira, esan bezala, hainbat ekintza egongo dira. Biharko, zapatua, gazte txokoetako nerabeek arratsalde osorako egitaraua prestatu dute –Urban Festa!–. Domekan, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko hainbat ekintza egongo dira goizean zehar, eta, bukatzeko, Euskararen plaza inauguratuko dute. Hain zuzen, Udaltzaingo, Txatxilipurdi eta Ereindajan parean dagoen parkea izango da Euskararen plaza aurrerantzean.

Geike

Hamabi elkartek osatzen dute Arrasateko Euskalgintza: Ekin, Emun, AED, Goiena, Euskal Herrian Euskaraz, Txatxilipurdi, Arrasate Institutua, AEK, Arizmendi Ikastola, MU, Herri Eskola eta Arrasateko Udalak.

2011n sortu zuten euskararen aldeko bilgune hori, herriko euskara taldeen, ikastetxeen eta Udalaren eskutik. Iaz, bosgarren urteurrena aprobetxatuz, ebaluazioa egin zuten, eta hainbat ondorio atera zituzten.

Hausnarketa berri honetan, Arrasate euskaldunagoa lortzeko, bilgune dinamikoa, irekia, eraikitzailea, freskoa, ausarta, herrikoia, aktiboa eta sortzailea izatea da helburua, eta, hori lortzeko helburuarekin, izen berria jarri diote Arrasateko Euskalgintzari: Geike bilgunea.

Euskaraldia ere badator, eta, 2018ra begira, Geike bilguneak buru-belarri helduko dio ekimen horri. Hori dela eta, herritarrei ekimenetan parte hartzeko gonbita egin diete, ekimenak proposatuz, antolaketan parte hartuz eta egunerokotasunean Geike osatzen duten euskalgintzako ordezkariak irudi berriarekin.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak