Langile publikoen euskalduntzea etorkizunerako erronka nagusi

Xabi Gorostidi 2017ko aza. 29a, 10:24

Arrasateko Euskal Herrian Euskaraz-eko kideek haurnarketa egin dute Euskararen legearen 35. urteurrena dela eta. Euren ustez balorazioa ez da inondik inora positiboa, eta langile publikoen euskalduntzean jartzen dute fokua: "administrazio publikoko langile oro eleanitza izan beharko da, euskaraz bizi nahi dugunon hizkuntza eskubideak urratuak ez izateko".

Prentsara bidalitako oharrean honako argumentuak erabiltzen dituzte EHEko kideek euskararen legearen balorazioa positiboa ez izateko. "EHEtik egiten dugun balorazioa ez da inondik inora positiboa. Ikustea
besterik ez dago euskaldunok egunerokotasunean jasaten dugun hizkuntza eskubideen zapalkuntza, edota euskararen erabileran ematen ari den atzerakada arnasgunetzat genituen hainbat eremutan.Datozen urteak erabakigarriak izango dira euskararen biziraupenerako; eta, aldaketa aurreikuspen hauen aurrean, jauzia emateko ordua da".

Langile publikoen euskalduntzeaz gain, estrategikotzat jotzen dute hezkuntza sistema euskaldun bat izatea: "Etorkizunean ez dadin gertatu gaur egun gertatzen dena, estrategikotzat jotzen dugu euskaraz
dakiten ikasleak sortuko dituen hezkuntza sistema euskaldun bat sortzea. Horretarako, ereduen  politiketatik haratago euskaraz bizitzeko eredu bakar eta integral bat adostu behar dugu, arestian aipatutako jauzia sakona izatea nahi badugu behintzat. Orobat, euskararen ofizialtasuna exijitzen dugu Euskal Herri osoan eta gure hizkuntzaren derrigortasuna edozein hizkuntza ofizial eta ez-gutxituk behar duen moduan. Honez gain, erabilera planak indartu eta beharrezko baliabideak jartzea ezinbestekoa izango da estrategikoak ulertzen diren eremuak kontuan izanda".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak