Aita Menni ospitaleko kalte zerebralaren zerbitzua estatuko lehena izan zen. Zerbitzu horren sorrerak, neuroerrehabilitazioan oinarritutako Aita Menni sarea osatzea ekarri zuen -Euskadi, Madril, Valentzia, Valladolid, Santander eta Tenerife batuz-. Sare horrek 14.006 paziente izan ditu urte guzti hauetan.
Guggenheim museoan atzo egin zen ekitaldian, 25. urteurrena eta sarearen sarrera ospatu zuten. Proiektuaren historia birpasatzeaz gain, hainbat adituk hitzaldia eman zuten; adibidez, Luciano Fernandez, Kalte Zerebralen espainiar federazioko presidenteak.
200 bat pertsonek hartu zuten parte ospakizunean, besteak beste, Bilboko alkatea, Juan Mari Aburto; Eusko Jaurlaritzako osasun sailburua, Jon Darpón eta Gizarte Ekintzako foru diputatua, Isabel Sanchez Robles. Ahizpa Ospitalariak eta Aita Menni ospitaleko zuzendaritza ere bertan izan zen.
Aita Menni ospitaleko kalte zerebralen zerbitzua
Ahizpa Ospitalarien kongregazioa da egoitza eta ospitaleen atzean dagoen erakundea. Haren helburua gizartean sufrimendua, bazterketa eta osasunaren munduan laguntza behar dutenei laguntzea da, batez ere, arlo psikikoan. Ospitaleen jarduera hartutako garuneko kalteak eragindako ondorioen errehabilitazioan oinarritzen da. Aita Mennitik jakinarazi dutenez, kalte hauen arrazoi ohikoenak istripu kardiobaskularrek (ictus) eragindako lesioak eta garezur-garunetako traumatismoak dira. Aita Menni zentroetan, teknologia aurreratua erabiltzen dute errehabilitazio prozesuetan.
Kalte zerebrala izan duen pertsona batek "berriz bizitzen" ikasi behar duela diote ospitaletik. Horretarako hainbat gida ditu Aita Mennik eta Arrasateko egoitzan pisu domotiko bat ere badute, egunerokotasuneko oinarrizko ekintzak egiten berriz ikasteko -jan, garbitu, jantzi, etxetresna elektrikoak erabili...-. 600 pertsonek erabili dute zerbitzu hau orain artean, eta urtero 120 bat etxebizitza egokitzen laguntzen du Aita Menni ospitaleak.