Arrasateko EH Bildu: "Udal Gobernuak proposatutako aurrekontuak ahulak iruditzen zaizkigu"

Txomin Madina Milikua 2017ko aza. 21a, 19:43

50 emendakin aurkeztu dizkio EH BIlduk Udal Gobernuaren aurrekontu proposamenari. Besteak beste, hileta zibilak egiteko gunearekin, kiroletako inbertsioekin, azokarekin eta Arrasatek Hezi eta Andradetan bezalako egitasmoekin daude lotuta emendakinak.

Udal Gobernuak egindako aurrekontu proposamenaren irakurketa egiteko eta aurkeztu dizkioten emendakinen berri emateko EH Bilduko zinegotziek egindako agerraldian, azpimarratu dute aurreko urteetan bezala, Udal Gobernuak ez duela aurkeztu aurrekontuen memoriarik. "Normalean legeak dio aurrekontuen asmoak idatziz jasota agertzen diren testu bat egon behar dela. Ez dute halakorik egin, eta prentsaz izan dugu egitasmo batzuen berri. Guretzat garrantzitsua da asmoak hasieratik garbi jasotzea", azaldu du EH Bilduren bozeramaile Eneko Barberenak.

Gaineratu du Udal Gobernuaren aurrekontuak "ahulak" direla: "Egitasmo gutxi batzuek eroaten dute aurrekontuaren zati garrantzitsuena, eta guretzat zentralak diren sail batzuetan, esaterako kulturan, euskaran, enpleguan, hezkuntzan edo gazterian ia ez dago ezer berririk". Zentzu horretan, Barberenak dio aurrekontu "motelak" direla, Ekobulebarra bezalako proiektu batzuk proiektu batzuk inbentibaren alorrean kokatu daitezkeelako. Era berean, aurrekontu "kontserbadoreak" dira Barberenaren iritziz: "Alternatibak egon diren egitasmoetan, beti hautu kontserbadoreenaren alde egin dute. Arrasateko udalak aurrekontu ausartagoak behar ditu".   

50 emendakin

"Aurrekontuak tresna eraldatzaileak izan behar dira. Egoera ekonomikoaren aurrean Arrasate justuagoa izan behar da, aurrerakoiagoa, feministagoa, euskaldunagoa. Guk horretarako nahi ditugu aurrekontuak, eta gure emendakin asko hortik doaz", azaldu du Barberenak, eta nabarmendu du sail guztietarako proposamenak egin dituztela.

Hala, esaterako, hileta zibilak egiteko gune bat, "goxoa eta estalia" izango dena egitea proposatzen dute EH Bilduko ordezkariek: "Aste honetan amaituko dugu horretarako egiten gabiltzan sinadura bilketa, eta eskaria badagoela uste dugu".  Kirol ekipamenduaren kasuan inbertsio gehiago egitea eskatzen dute, besteak beste, Mojategiko futbol zelaiko belar artifizialera, Iturripeko lurrera, judoko tatamira eta boulderrerako ekipamendura bideratuko dena.

Alokairuko diru laguntzetan bigarren poltsa bat sortzearekin; drogen prebentziorako partida igotzearekin; eta ekonomia soziala eta solidarioa bultzatzearekin dute lotura beste emendakinetako batzuek. Azokaren kasuan, egitasmoa legealdi honetan gauzatu ahal izateko proiektua egiteko partida bat sortzea ere proposatzen dute, eta beste partida bat Arrasatek Hezi ekimenari bizia eta ikusgarritasuna emateko.

Andradetan egitasmoa gauzatzea; Markuleteko auto-garbigunearen zerbitzua mankomunatzea; eta alderdi politikoen finantziazioari buruz eztabaidatzea dira EH BIlduren ustez 2018ra begirako beste beharretako batzuk.

Erabakia, asanbladan

Eh Bildko ordezkariek jakinarazi dutenez, azaroaren 28fa arteko epea dute orain aurrekontuak Udal Gobernuarekin negoziatzeko, eta adierazi dute negoziazio horietan ez dutela eraginik izango azken egunotan bi aldeen artean piztu den polemikak. EH Bilduko kideek azaroaren 30ean egingo duten asanbladan erabakiko dute zein boto eman hasiera batean abenduaren 5ean aurrekontuak eztabaidatzeko egingo den osoko bilkuran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak