Hona hemen EAJren oharra bere osotasunean, EH Bilduk goizean zabaldu duen oharra erantzunez.
EAJren oharra
"Behin eta berriz errepikatu dugu inoiz ez dela izan eta ez dela izango EAJ-PNVren izaera ez eta jokabidea komunikabideen bitartez beste partidu politikoekin lehian sartzea. Dena den, gaur hedabideetan EH BILDUk argitaratu duen oharrak erantzun argi eta irmoa ematera bultzatu gaitu; izan ere, gure iritzi eta
harridurarako EH BILDUk erabilitako diskurtsoa zein baino zein artifizial, hipokrita eta zuriagoa izan baita.
EH BILDUKO jaun andereak, errespetua eta tolerantzia aldarrikatu eta elkarbizitzaren bideari heltzeko desafioa egiten diozue EAJ-PNVri? Benetan?
Bai EAJ-PNV zein EH BILDU eskarmentu eta ibilbide historiko luzeko partiduak gara hemen, ARRASATEN, eta zoritxarrez gaur egun gure artean ez ditugun askori zor diegun errespetuagatik ez diegu aipu egingo antzina horrenbeste min egin ziguten une edota gertakariei, horietako asko gainera, bizirik baititugu oraindik, arrasatear askok, gure memoria eta bihotzetan.
Horren ordez, orain dela gutxiko kontuei helduko diegu:
EH BILDUko jaun andereak, non egon zarete zuek azken bi urteotan gure etxea dozenaka aldiz pintadaz josi dutenean? Agerraldi publikorik egin al duzue orduan errespetuzko politika eraikitzaile bat aldarrikatuz? Kritikatu, salatu ala zentsuratu al dituzue noizbait ekintza bandaliko horiek? Gaitzetsi al dituzue inoiz EAJ-PNVren aurka gure kaleetan azaldu diren ehundaka pintadak?
EH BILDUren eskuorrietan ere ikusi behar izan ditugu alkatea eta EAJ- PNVko zinegotziak iraintzen edota gutxiesten zituzten binetak. Zuen ustetan errespetuzkoak al dira horiek? Elkarbizitzaren alde egiten al dute? Non gelditzen dira, elkarbizitzaren alde egiteko EH BILDUren irrika eta nahiak, astetik astera asmo txarreko komentario edota bineta barregarriak, atzerakoiak eta matxistak azaltzen direnean sare sozialetan
EAJ-PNVko emakume politikarien aurka?
EH BILDUko jaun andereak, ez zaudete zuek ezeren inguruan inolako leziorik emateko moduan. Elkarbizitza, errespetua eta tolerantzia lehenbizi norberak landu beharreko balioak dira. Orainarte bezala, EAJ–PNVen nahia da balio horietan oinarrituta, aurrerantzean ere guztiok batera lan egitea arrasatearren alde.