Iñaki Azkoaga: "Ideologia bat bera ere zapaltzen ez duen liburua da"

Mireia Bikuña 2017ko aza. 20a, 13:30

Vasco, ¿cómo se llama tu país? galderari erantzuna ematen saiatuko da Iñaki Azkoaga arrasatearra, izen bereko liburuan. Aste honetan aurkeztu du, eta dagoeneko eros daiteke, paper formatuan eta formatu elektronikoan.

Eta, nola esaten diote gure lurraldeari?

Segituan, hainbat berba etorriko zaizkigu burura: Euskal Herria, Euskadi, Pais Vasco, Vasconia, Basque Country... Izen asko daude.

Eta, zein da egokiena? Aproposena?

Izen horien gainean berba eta eztabaida egin izan dugu etxean, lagunekin, kalean... Eta konturatzen gara gehienok gure hautua eginda daukagula. Gure iritziak eta sentsibilizazioak ditugula.

Orduan, irakurleak baldintzatuta egon daitezke?

Edonork irakur dezake liburua, baina nork bere ideiak eta iritziak alde batera utzi beharko ditu, liburua irakurtzen hasi aurretik. Hutsetik hasi beharko luke. Gomendio bat da. Buru irekiarekin hurbildu beharko litzateke arazora. Horregatik, liburuaren lehen kapituluaren izenburua Zergatik, ez? da. Buru zabalarekin eta borondatearekin errazago hurbilduko gara arazora, eta errazagoa izango da soluzio bat topatzea.

Eta soluzio hori posible dela uste duzu?

Bai. Alternatiba bakarra egon barik, badaude aukerak. Berbak, banaka-banaka, zatikatu egiten badira, aukera ezberdinak topatu daitezke. Ni ez naiz historialaria edo filologoa. Soziologoa naiz. Kazetaritza munduan ibilitakoa, eta liburuak ikuspuntu hori dauka. Historian oinarritutakoa, baina ikuspuntu horrekin.

Liburua aurretik atzera eta atzetik aurrera irakur daiteke.

Bai, baina buru irekiarekin. Bukaeran, nire proposamenak daude. Horietara nola heldu naizen jakiteko, hasierako kapituluak irakurri beharko dira. Nire asmoa izan da liburu irekia idaztea. Ideologia guztietara zabaldutakoa, eta ideologia bat bera ere zapaltzen ez duen liburua. Izen bakarra topatzeko bidean zer egin daitekeen aztertu gura izan dut.

Non erosi edo irakurri daiteke liburua?

Lehen edizio mugatu bat kaleratu dut eta lagunen artean banatu dut. Orain, zabalago bat egingo dut, guztien eskura ipintzeko, Tttukun inprimategian. Era berean, Internetez ere erosi ahal izango da, paperean edo liburu elektronikoetan irakurtzeko. Bestalde, hilaren 23an, liburuaren aurkezpena egingo dut. Kulturaten izango da, 19:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak