Zigarrola eta Santa Teresa auzoetan muga egiten duen Arizmendi Ikastolaren gunea da Santa Teresa. Lerro bakarreko 241 ikasle dituena, eta gaurtik eraikin berritzailea. "Guretzat gure bigarren etxea da. Etxe txikia. Hori aintzat hartuta, eraikin familiarra egin gura izan dugu. Eta, espazioak dio asmatu dugula. Eskola eremua etxekotasunera begira ipini dugu", esan du Iban Roa Santa Teresa guneko arduradunak. Horregatik, ikasleak eta irakasleak, etxeko-zapatillekin egoten dira eskolan.
Haur Hezkuntzako ikasleak beheko solairuan egokitu dituzte, eta Lehen Hezkuntzakoak, goiko solairuan.
Bide horretan, espazio eta altzari propioak diseinatu dituzte. Ez dago adreilurik, ezta horma itxirik ere. Beira, zurezko zorua, altzari tolesgarriak, elkar hartzeko plazak, norbera lasai egoteko txokoak... Eta hori guztia, gardena izan dadin, kristalak berebiziko garrantzia dauka: "Ikusi egiten duzu eta ikusten zaituzte. Ingurukoak kontrolatzen ditugu, eta gu kontrolatzen gaituzte. Kristalak ematen digu aukera hori. Gardentasuna eta kontrolatzeko ahalmena eskutik datoz oraingoan", esan dute arduradunek. Kristalak, arbel moduan erabiltzen dituzte.
Berrikuntzen artean, aipagarriena, airean dagoen irakurketa espazioa. Sokaz egindako sare erraldoia da, 200 metro koadroko azalera duena, liburuez inguratuta, ikasleek, lasai, euren testuak irakur ditzaten.
Auzotarrendako "zabalik"
Santa Teresako auzotarrek ezagutzen dute gune berria. Eurek ere izango dute berau erabiltzeko aukera. "Auzokideekin eta elkarteekin egon gara. Erakutsi diegu eta badakite, hemen badutela euren ekintzak, batzarrak eta bestelakoak egiteko lekua. Izaera propioa duen eraikina da. Eskola komunitatearendako eta auzotarrendako", dio Roak.
Bide horretatik, oso pozik agertu da Maria Ubarretxena alkatea: "Santa Teresa auzoari eta Zigarrola eta Musakola auzoei Arizmendik zabalduta daukan atea azpimarratu nahiko nuke. Aspace, liburutegia, erretiratuak, auzoko elkarteak, kultura eta aisialdia taldeak gune horretako lankide izango dira. Ikastolaren egoitza auzoaren zerbitzura dago".
Ordezkariak "pozik"
Hezkuntza euskaldun kooperatiboa du oinarri Konfiantzaren Pedagogiak eta arkitekturak rol erabakigarria du haren garabidean. "Pertsona kooperatiboa, euskalduna eta konpetentea da gure xedea. Alegia, ikaslearen bidelagun izatea bere hezkuntza-prozesuan, bere buaruan, besteengan eta bere ingurunean konfiantza lor dezan", esan du Arizmendiko Ikastolako presidente Aitziber Arregik.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berrikuntzarako zuzendari Luzia Torrealdaik, euskal hezkuntza bizitzen ardi den berritze gogoari erreparatu dio: "mundua etengabeko aldaketa bizitzen ari da. Hori horrela, Santa Teresa bezalako proiektu asko behar ditugu, lurralde erakundeak, udalak, Eusko Jaurlaritza eta eragile sozialak batera jarriko dituenak".
Bukatzeko, Gipuzkoako Azpiegituren Foru Diputatu Aintzane Oiarbidek Etorkizuneko Gipuzkoa Eraikintzen egitasmoarekin lotura egin du: "Etorkizuna eraikiz ari da Gipuzkoa ere. Gainerako lurraldeekin euskal bidea egiten diharduen aldi berean, gure lurraldean bizi garen herritarrok eta agintariok gure aurrerabide propioa urratzeari ekin diogu".