Mikel Alberdi: "Garaiko ikonografiak presentzia izango du"

Xabi Gorostidi 2017ko aza. 20a, 12:21

Zumalakarregi museoko artxibo arduradunak 'Lehen Karlistada Euskal Herrian. Udalatxetik begirada bat' izeneko hitzaldia eskainiko du azaroaren 22an, Kulturaten, Arrasate Zientzia Elkarteak antolatu duen 'Iragana astintzen' zikloaren barruan. Hitzordua, 19:00etan, Kulturaten.

Karlistaldietan aditua da Alberdi, eta, hain zuzen, ez da gai horri buruz hitz egitera Arrasatera datorren lehen aldia.

Lehenengo Karlistada Euskal Herrian. Udalatxetik begirada bat du izena eskainiko duzun hitzaldiak. Zer landuko duzu bertan?

Lehenik eta behin, onartu beharra dago hitzaldia erakargarriago izate aldera jarri diogula Udalatxetik begirada bat esaldia tituluan. I. Karlistaldian zehar ez zen gertakari nabarmenik izan Arrasaten bertan, baina bai inguruko herrietan: Oñatin eta Bergara, adibidez. Orduan, begirada goraxeago jarrita, Udalatxen, bertatik ikusten diren guneetan gertatukoak landuko ditugu.

Arrasate inguruan jarriko duzu fokua, baina zein gertakari aipatuko dituzu bertan?

Lehenik eta behin, errepaso orokorra egingo diogu testuinguru historikoari. Frantziako Iraultzatik hasi eta I. Karlistaldia hasi bitartean gertatutakoak jorratuko ditut. I. Karlistaldia ondo ulertzeko 40 urte atzera egitea garrantzitsua da, nire ustez.

Zumalakarregiren figuran aditua zara. Ahalegina egingo al duzu hari buruzko jakintzan sakontzeko?

28 urte daramatzat museoan lanean, eta duela ia 18 urte argitaratu nuen hari buruzko liburua. Karlistaldia azaltzeko ezinbesteko pertsonaia da; are gehiago, gerrak Gipuzkoan izan zuen eraginean zentratuz gero.

Aipatuko al duzu Arrasaten konkretuki gertatuko zerbait?

Arrasateko gertakaririk ez, baina arrasatearrek gerran izan zuten presentzia aipatuko dut. Arantzazu erre zuteneko pasartea landuko dut, eta, Arrasaten ez gertatu arren, bertako herritarrengan eragina izan zuen.

Zumalakarregiri buruz asko dakizun arren, ba al dago tarterik, gaur egun, orain dela 200 urteko pertsonei buruzko gauza berriak jakiteko?

Bizitzako beste edozein arlotan bezala, zenbat eta gehiago sakondu, orduan eta gutxiago dakizula ohartzen zara. Historia kontuetan, gainera, are gutxiago. Arrasate Zientzia Elkarteko kideei berdina gertatzen zaielakoan nago.

Euskarri bisualik erabiliko duzu?

Karlistaldia amaitu arte ez zen argazkilaritza jaio, 1840an asmatu baitzen. Beraz, garaiko ikonografia erabiliko dugu, margolanak eta grabatuak, batez ere. Horietako interesgarrienak britaniarrek eginikoak dira, 10.000 bat soldadu etorri baitziren, baita hainbat irudigile ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak