Migratzea, jatorria utzita inora joatea, gizakia bezain zaharra da. Izan ere, XX. mendeko bigarren erditik aurrera Espainiatik etorritako jende-oldeak Euskal Herria eraldatu zuen. Beharrak bultzatuta, baina, maletak bete ilusio eta itxaropenez, iritsi ziren andaluziar asko gure herrietara.
Orain, 60 urte geroago, erkidegoan dauden andaluziar elkarteen federazioak, hainbat herritako andaluzak Arrasaten batu ditu. "Errozioara askotan etorri naiz, baina ez nuen herrigunea ezagutzen", azaldu du parte hartzaileetako batek. Arrasate ezagutzea izan da eguneko lehen ekintza eta horretarako erdigunera eta Monterronera gerturatu dira. Arrasateko zinegotzi Oscar Garciak harrera egin die, gainera, Kulturaten. Euskal gizarteari egindako ekarpena eskertu die Garciak, eta jatorri andaluziarra duen zinegotziak Al-Andalus elkartearekin duen harremana ere ekarri du gogora.
Bilera beharrean, festa
Ekitaldi formala amaitu eta gero, algararen txanda iritsi da. Al-Andalus elkartea ezagutu eta bertan mokadutxoa egin ostean, Linaresetik etorritako Almazara taldeak girotu du goiza. Lehen abestia bukatu baino lehen, asko izan dira aulkitik jaiki eta dantza egitera animatu direnak. Sevillanek, fandagoek eta buleriek jendea eserlekutik altxatu eta dantza egitera bultzatu du. Ariketaren ostean, mahaiaren bueltan batu eta bapo bazkaltzeko unea iritsi da.
Al-Andalus elkarteako aretoan festa zen nagusi, herri guztira zabalik dagoen festa. "Gizarte honen parte gara, eta gure ospakizunak guztiekin konpartitu nahi ditugu", azaldu du Andaluziako elkarteen federazioko presidenteak.
Hemen gustura
Hasiera gogorrak izan zituztela onartu ostean, hemen gustura daudela aipatu dute askok: "Okerrena eguraldia, ni abuztuan irten nintzen hona. Sevillan eguzkia eta beroa laga nituen, hemen aldiz... euriak eman zidan ongi etorria", horrela gogoratzen du duela 55 urte gurera etorritako emakume batek.
Gehienek, baina, euren usadio eta sustraiak galdu ez dituzten arren, euskaldun ere sentitzen direla onartu dute.