Juan Carlos Guerraren lana ezagutzeko hitzaldia

Xabi Gorostidi 2017ko aza. 13a, 11:24

Genealogista arrasatearrak egindako ibilbidea errepasatuko du Borja Aginagaldek, Jaurlaritzako Ondare Dokumentaleko arduradunak. Arrasate Zientzia Elkartearen 'Iragana astintzen' zikloaren bigarren saioa izango da; asteazkenean egingo dute, Kulturaten, 19:00etan.

XIX. mendean bazegoen joera norberaren arbasoen artean pertsonaia famatuak zeudela asmatzeko. Zuhaitz genealogikoak osatzeko baliabideak urriak ziren, eta asmakizunak egiaztatzeko zailtasunen eraginez, gezurretan egitea errazagoa zen.

Baina Juan Carlos Guerra (1869-1941) dokumentalista arrasatearrak lan mardula egin zuen genealogia arloan, eta gai horretan aditua den Borja Aginagaldek Guerraren ekarpena izango du hizpide datorren asteazkenean, Kulturaten, 19:00etan egingo duen hitzaldian.

100 urteren ostean erreferente

"Ez da oso pertsonaia ezaguna, baina berdina gertatzen da XIX. mendeko beste jakintsu askorekin ere. Aldizkarietan idazten zuen, gehienbat, genealogiari buruz, eta, 100 urte baino gehiago igaro diren arren, haren lanek erreferentzia izaten jarraitzen dute gaur egungo dokumentalistentzat", azaldu du Aginagaldek. Konkretuki, Guerrak idatzitako Ensayo de un padrón de Guipuzcoa liburua da erreferentzia izaten jarraitzen duena.

"Abizen zerrenda luze bat batzen du bertan, genealogiak dituena. Liburuak baditu desegokitasun batzuk nire ustez, hitzaldian aipatuko ditudanak, baina oso lan interesgarria da".

Genealogia modan dago

Aginagaldek aipatzen du genealogia gaur egun modan dagoela, eta ez zaio arrazoirik falta. Ikusi besterik ez dago arbasoei buruz famatuekin egiten diren telebista programek duten arrakasta eta presentzia maila.

"Bere garaian, Arrasateko bizilagun hau gaur egun interesa handia pizten duten gaietan aditua zen, eta berak egindako ekarpena jendek asko baliatzen du gaur egun bere familiaren jatorriari buruzko informazioa bilatzeko orduan. Euskadin, artxiboetara jotzen duten gehienak genealogiarekin lotutako kontsultak egitera joaten dira. Eta ez fisikoki bakarrik, artxibo digitalizatuetan ere bai. Gure webgunean ehunka bisita jasotzen ditugu egunero".

Langile fin eta metodikoa

Jatorri genealogikoak aztertzeko orduan esamesak eta asmakizunak ugariak izaten ziren Guerraren garaian, baina, Aginagaldek azpimarratzen duenez, esamesak benetako informazioarekin aldatzeko lan egin zuen.

"Oso ondo egiten zuen lan. Zorrotza zen, baita kritikoa ere. Beste genealogista askok asmakizunak egiten zituzten jendearekin ondo geratzeko, zeren mundu guztiari gustatzen zaio bere arbasoen artean ezaguna den konderen edo pertsonaiaren bat izatea".

Ematera eta jasotzera

Asteazkeneko hitzaldian, miresten duen pertsonaia horretaz hitz egitera etorriko da Aginagalde, baina ez da haren helburu bakarra izango.

"Behin bere sorterrira etorrita, arrasatearrek berari buruz dakizkiten gauzak entzutea nahiko nuke. Asko aztertu dudan pertsonaia izan arren, ziur nik ez dakizkidan gauza asko dakizkizuela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak