'La Furia' rap kantaria: "Kontzertu bakoitza akelarre bat bezala bizi dut"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko aza. 9a, 12:20

Nerea 'La Furia' rap kantaria. Argazkia: Ekaitz Zilarmendi eta Itziar Bastarrika.

Arrasateko gaztetxean izango da, gaur, eguena, 22:00etan, Kooltur Ostegunak musika zikloaren barruan. Aurreko asteko Puntua aldizkarian argitaratu zen elkarrizketa hemen irakurgai.

San Fermin bezpera baten Iruñean jaio zen Nerea La Furia (Cascante, 1983). 18 urte zituela, “autonomia apur baten bila” joan zen Bilbora, eta, zortzi urte geroago, bake bila Donostiara. Aurkitu duela dio, nahiz eta etengabe lanean ari den: kantuak sortzen eta jendaurrean aurkezten, edo nerabeen pisu batean hezitzaile... Beti, baina, rapa tresna, eta feminismoa ikur.

Nolakoa da Nerea La Furia?
Oso nafarra naiz, nahiz eta nire burua aurkitzeko alde egin nuen herritik; Bilbon egunez zein gauez ikas daitekeen guztia ikasi nuen, eta orain, gustura nago Donostian. Erriberatik faltan igartzen dudana horizontea da, jendearen argitasuna –batzuetan, bortitza–, eta erromeroaren usaina. Egiazko jendea gustatzen zait, autentikoa. Leiala naiz, baita fruta-saltzaileari ere. Erradikala naiz. Jaiotzatik eta tripetatik naiz feminista, eta, beste emakume batzuk bezala, feminismoak salbatu ninduen.

26 urterekin hasi zinen Tuterako kaleetan rapeatzen.   
Betidanik idatzi dut errimekin. Ez dut sekula pentsatu poesia idazten nuenik. Musika asko entzun izan dut; adibidez, Iñigo anaiaren bitartez ezagutu nuen rapa; hark animatu ninduen rapeatzera. Ingurukoek egiten zutela ikusita, akaso, nik ere egin nezakeela pentsatu nuen, baina atzerantz eragiten zidan zerbait zegoen...; feminitatean eraikita izatea kartzela da kontzientzia handia dugunondako ere. Errimekin idaztea betidanik izan da, niretako, kaka askorengatik askatzeko modua.

Zergatik rapa? Eta zeren kontra edo zeren alde?
Denbora laburrean gauza asko esan ditzakedalako, hitzak gustatzen zaizkidalako, nire ahotsa –besteena moduan– betidanik isilarazi delako eta ez daukadalako denborarik galtzeko. Dirurik inbertitu gabe egin nezakeelako. Punk talde bat izan zatekeen, baina taldea behar nuen. Rapa borroka pertsonalerako tresna da. Eta feminismo erradikalaren amatxo Kate Milletek esan zuen moduan: “Pertsonala, politikoa da”. Nire zauriak, borrokaren motor direnak, emakumeari kalte egiten dioten egitura patriarkalera lotuta daude. Askotarikoak dira kantuen hitzak, bizi dudan unearen araberakoak. Komunean dute minaren eta kexen inguruan jarduten dutela.

Agertokian bakarrik ez, zure tailerretan ere rapa duzu oinarri.
Oso lagungarria dudan tresna hori gazteekin enpoderamendu feminista lantzeko erabiltzen dut. Musika-laborategiak ere egiten ditugu, rapaz harago, musikan dagoen matxismoa aztertzeko.

Musikagintzan egindako bidean zer aurkitu duzu?
Bakardade handia. Beharrezko bakardadea. Ezin dut nirekiko fideltasunaren aurka doan ezer egin, eta bakardadea ekarri dit horrek; orain, baina, konpania ederra dut.

Dituzun eragin musikalak ere aipatzekoak dira, mugagabeak.  
Testuinguru zoroak eragindakoak dira: pasodoblea dantzatzen dakit, eta, amonen eraginez, jotak eta koplak kantatzen barrua betetzen zait. Etxean, Oskorri, Silvio Rodriguez, folk amerikarra eta, domeketan, musika klasikoa entzuten genuen. Alaska, Cure, Chemical Brothers ere bai, gaztaroan. Erriberako edozein euskaldunen moduan, eztarria urratu izan dut la Polla, SA, Koma eta horren maite dudan Marea-rekin. Une politak bizi izan ditut Latzen-en eta Gatiburen doinuekin... Lola Flores eta Courtney Love miresten ditut, eta asko maite dut Patty Smith ere. Beti izan dudan eta sekula hutsik egin ez didan bakarra da musika.

2013an kaleratu zenuen No hay clemencia eta aurten, irailean, Vendabal. Zer moduz?  
Oso punka izan zen dena lehenengo lanean; nahi nuen guztia esan nuen. Barne begirada batetik abiatu zen, berriz, azkena, eta asko mimatu dut. Arrasaten jaio zela esan daiteke, Shot estudioan, kalitate eta maitasun handiarekin.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak