Makatzenako igogailua egiteko azken pausua eman dute azaroko osoko bilkuran

Xabi Gorostidi 2017ko aza. 7a, 19:51

Lanak egiten hasteko beharrezkoak diren lur pribatuak zuzenean okupatzeko proposamena onartu da aho batez. Ondoren Katalunia izan da eztabaidagai, bi moziorekin, eta biak izan dira onartuak. EH Bilduk errepublika aitortzeko aurkeztutakoa EAJren abstentzioari esker, eta EAJk Kataluniaren burujabetasuna aitortzeko aurkeztutakoa EH Bilduren aldeko botoarekin.

Azaroko osoko ohiko bilkuran Makatzenako igogailua izan da gai nagusia, eta eztabaida eta hausnarketa sakonenak Kataluniari buruzko mozioek piztu dituzte.

Eguneko bosgarren puntuan botatu duten Makatzenako igogailua egiteko lur pribatuen okupazioa. Alderdi guztiek alde botatu dute, proiektu honen inguruan dagoen adostasuna agerian utziz. Lur horien okupazioa urtarrilaren 30ean hastea onartu dute, eta lanek bost hilabeteko iraupena izango zutela iragarri ostean, zera adierazi du Oscar Garcia Obrak, Zerbitzuak, Mantenua eta Auzoak batzordeko buruak:

"Aurreikusitako epeen barruan eginez gero, uztailerako erabilgarri egon beharko luke. Obrak zailtasunak izango ditu, baina iraila baino beranduago amaitzea ez genuke nahi. 40 urte pasa dira proiektu hau egin gabe, eta Udal gobernuan sartzea lortu ostean, egitea lortu dugu".

Jarraian, kredituak aldatzeko espedientea ontzat eman dute, Musakolako Herri Eskolan dagoen transformadorea kentzera 92.000 euro bideratzeko. EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk alde botatu dute, eta Baleikek eta Irabazik abstentziora jo dute. Zentzu honetan aipatu beharra dago, ikastetxe horren handitzea egiteko akordioa lortu dutela berriki Udal Gobernuak eta Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak.

Zortzigarren puntuan Irabazik azaroaren 25eko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Egunaren inguran aurkeztu duen mozioa landu dute. Bertan arazo horri aurre egiteko Madrilgo Parlamentuan lege berri bat egiteko beharra azpimarratzen zen, besteak beste, hilketa kopurua gutxitzeko, emakumeen eta gizonezkoen soldatak berdintzeko, eta "XXI. mendean gizonezkoak asetzeko esklabo sexualik" ez egoteko. Gaiaren inguruan Berdintasun batzordean akordio zabala lortzeko borondatea zuten gainontzeko alderdiek, baina Irabazik mozio bezala planteatzearen alde egin du "osoko bilkurak direlako Udalaren ordezkaritza organo gorena", eta euren proposamenaren konstantzia geratu zedin. Argumentu gehienekin bat egin arren, EAJk eta PSE-EEk aurka botatu dute, osoko bilkura ez zelako gaia lantzeko lekua. EH Bilduk abstentziora jo du, gaia batzordean lantzearen alde zeudelako, besteak beste "gai horretan adituak diren Udal teknikarien ekarpenak jasotzeko". Baleikek, aldiz, alde botatu du, gaia osoko bilkuran eta batzordeetan lantzeko aproposa dela iritzita.

Katalunia eztabaida eta hausnarketa iturri

Ostean Katalunia izan da osoko bilkuraren erdigune, eta gaiaren inguruan udal alderdiek dituzten hausnarketak eta ikuspuntu anitzak azaleratu dira. Lehenik eta behin EH Bilduk Kataluniako Errepublika aitortzeko proposatutako mozioa landu dute. Eneko Barberenak aipatu du, urriaren 1eko "indarkeria poliziala" bertatik bertara ikusi zuela, eta Kataluniako Gobernua bertan behera utzi duen, "estatu kolpearen", konstituzioaren, eta 155. artikuluaren zilegitasuna zalantzan jarri ditu. Oscar Garciak erantzun dio esanez, Katalunian "estatu kolpea" eman duen bakarra Puigdemont izan dela, legez kanpoko legeak onartu zituelako. Baleikeko Igor Urizarren ustez, adierazpen instituzional batek ez du errepublika ekarriko, milioika Katalanek urriaren 1ean eta 3an erakutsitako "borrokarako gaitasunak" baizik. Ohikoa ez izan arren, EH Bilduren mozioa onartua izan da, EAJ abstenitu egin delako. Baleikek ere abstentziora jo du, eta PSE-EEk eta Irabazik aurka botatu dute.

Jarraian EAJk Kataluniaren burujabetasuna aitortzeko aurkeztutako mozioari heldu diote. Anuska Ezkurrak hartu du hitza, eta 155. artikuluaren salbuespen neurriak gaitzetsi ditu. Era berean azaldu du, EH Bildurekin mozio bateratua adostea ez dela posible izan, alderdi barruan errepublika hitzarekin duten terminologia araudiengatik. Aspaldiko partez, Oscar Garciak EAJri aurre egin dio, aurkeztutako mozioaren koherentzia falta salatzeko. "EAJk Arrasaterekin zerikusirik ez duten mozioen aurka botatzeko konpromisoa zuen, baina gaurkoan ez du bere hitza bete. Edo gezurretan aritu zarete, edo iritzia aldatu duzue". GOIENAk koherentzia faltari buruz galdetu dionean, zera erantzun du Maria Ubarretxenak: "Gure ustez gai honek izan du eragina Arrasateko herriarengan. Herritarrak arduratu daudela ikusi dugu, eta horren erakusle dira kazeroladak edo elkarretaratzeak. Hori dela eta, erabaki dugu gai honen inguruko mozioa planteatu behar genuela". Baleikeko Igor Urizarrek inkoherentzia falta egotzi dio EAJri, "ezin daitekeelako 155. artikulua gaitzetsi, eta ondoren hori sustengatu duten PP eta PSOE babestu", eta gaineratu du "xoxen truke, EAJ edozein ideia edo herri saltzeko" gai dela. EAJren mozioak aurrera egin du EH Bilduren aldeko botoarekin. PSE-EEk, Baleikek eta Irabazik aurka botatu dute. Maria Ubarretxenak EH Bilduren abstentzioa espero zuela aitortu du, eta eskerrak eman dizkio Barberenari, egindako keinuagatik.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak