Tere Gonzalez (Izaskun Murgia Elkarte Lirikoko zuzendaria): "Oso gurea, herrikoia, da 'El Caserio' zarzuela"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko aza. 3a, 09:19

Urtean zehar egindako lana jendaurrean erakusteko atzera kontaketa hasi da Izaskun Murgia Elkarte Lirikoko kideentzako. Prestaketa lanak ondo doaz eta gustura ari dira, nahiz eta bi ordu eta erdiko iraupena duen lanak zailtasun ugari izan. Arrasateko elkarteak azaroaren 18an, 19an, 24an eta 25ean eskainiko du Amaia antzokian; hamazortzigarren lana da, eta sarrerak Arrasate.eus atarian eros daitezke.

Aurretik egin izan duzuen zarzuela da Jesus Guridiren El Caserio.

Hala da, bai; 2004. urtean eskaini genuen, orduan euskaraz. Aurten El Caserio eta datorren urtean Luisa Fernanda; orain dela urte asko egindakoak dira, asko gustatu ziren, hortaz, merezi dute berriz ere egitea.

2004. urteko bertsio bera da?

Uste dut ez daudela bi bertsio berdinik, betik daude ñabardurak. Berrikuntzarik dagoen jakiteko... onena, ikustera etortzea da!

Maitasun istorioa oraingoan ere ardatz, norena?

Osaba Santi, Joxe Miel eta Ana Mari dira obra honetako protagonista nagusiak. Joxe Miel – Ana Mari lehengusua– parrandazale amorratua da, eta osaba Santi etsitzear dago. Ana Mariri eman gura dizkio dituen lurrak , baina ez da zilegi Joxe Mieli dagozkiolako. Irtenbide onena, bi gazteak ezkontzea dela uste du Osaba Santik, baina gazteak ez dira ondo konpontzen... hortik aurrea, ez da saltsarik faltako.

Zer diozu zarzuela horren ezaugarriei buruz?

Madrilen estreinatu zuten 1926. urtean eta sekulako arrakasta izan zuen. Euskal baserriaren tradizioa islatzen du, eta hainbat euskal dantzen erritmoa erabiltzen du sarritan –Ezpata dantza, arin-arina edo biribilketa, esaterako–. Partitura ikaragarria da; lirismoa, folklore tradizionala, koruen trataera itzela eta goi mailako orkestrazioa bateratzen ditu Guridik.

Ez dituzu aukeratu aurreko bertsioko abeslari berak. Zeintzuk dira oraingoan?

Cristina Cubillo Ana Mari da; Tio Santi, berriz, Igor Ganboa eta Lander Oianguren,  Joxe Miel. Horiez gainera beste hainbat pertsonaia daude: Txomin (Mikel Izurrategi); Iñoxentzi (Maria Izaga); Eustasia (Mertxe Salaberri); Manu (Mikel Irizar); abadea (Luis Okina); idazkaria (Jose Luis Azkarate); Miren (Belen Agirre) eta Berta Amozarrain da, Cata.

Horiez gainera, ezin ahaztu, abesbatzako eta orkestrako kideak.

Abesbatzak pasarte konplikatuak ditu baina seguru nago ondo egingo dutela. Orkestra, urtero moduan, Arrasate Musikalekoa da, Iker Olazabalek  gidatuta.

Eta nola ez, dantzariak ere badira.

Hala da, bai; herriko Arrostaitz taldekoek egingo dute dantzan Arrasate Musikaleko txistularien doinuekin.

Hamazortzigarrena, Tere.

Urte asko dira, zarzuela egiten. Pentsatu izan dut uztea baina, ikusleak ditugun bitartean jarraitzeko gogoarekin nago orain. Dugun publiko fidelari eskerrak ematea gura dut, eta, bide batez, estreinatzear duguna ikustera gonbidatu. Ederra da eta asko gozatuko duzue!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak