Zizurkilen jaio arren, Galarta haurra zela etorri zen Arrasatera bizitzera. Roneoko langilea izan arren, txikitatik zuen margotzeko zaletasunari eutsi zion. Oso argi zuen margotu egin gura zuela, are gehiago, soldaduskan ere margotzen zuela badakigu bere lagunei idazten zizkien eskutitzek halaxe erakusten digutelako. Geroago, bere kabuz ikasitakoak hobetu asmotan, baimena eskatu zuen lantegian Bartzelonara joan eta han Arte Eder ikasketak egiteko.
Askorentzat Galarta margolari ezezaguna izan arren, adituen ustez, XX. mendeko euskal paisaia-pintoreen prolifiko eta garrantzitsuenen artean dago. Horren adierazle da ireki berri den erakusketa, mostrako koadro gehienak herrikideen dohaintzak izan dira-eta.
Bere Arrasate
Julio Galartaren Lagunak elkarteak antolatzen duen hirugarren mostra da hau, baina beste biekin alderatuta hau berezia da. "Honako honetan bakarrik Arrasateko irudiak jaso ditugu eta gehienak etxe partikularretan zeuden lanak dira. Herriaren historia eta paisaia laburbiltzen dutela esango nuke; 1941. urtetik 2000ra bitartean egindakoak dira", dio elkarteko presidente Alvaro Arregik.
Jendeak iraganeko Arrasate berrikusteko aukera izango du. Garai bateko auzo, etxe eta herrigunea beraren oroitzapenak berriro etorriko dira arrasatearren memoriara.
Pintura mostra azaroaren 18ra arte izango da ikusgai.