"Desira erotikoa ezin daiteke kantitate parametrotan neurtu"

Xabi Gorostidi 2017ko urr. 27a, 09:27

Trebatze erotiko tailerra eskainiko dute Arrasaten Mikel Oribe eta Amaia Urrejola sexologoek, azaroaren 7an, 14an eta 21ean. Emakumezko eta gizonezko taldeetan antolatu dute, eta izen ematea zabalik dago.

Arrasateko Udaleko Sexologia Zerbitzuak gonbidatuta etorriko dira Arrasatera. Emakumeen taldea osatu egingo da, baina, gizonezkoenean izen emate gutxi daudela ikusirik, dei berezia egin nahi izan diete Arrasateko gizonezkoei, parte har dezaten.

Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskolatik zatozte. Noiz eta zein beharri erantzuteko sortu zen eskola?

2007ko abenduan sortu genuen kooperatiba gisa, Euskal Herri mailako hezkuntza zentroetan zegoen sexu heziketa maila hobetzeko helburuarekin. Ikastetxe mailako heziketarekin hasi ginen, baina gaur egun zerbitzu askoz gehiago eskaintzen ditugu; irakasleentzat, gurasoentzat eta bestelako elkarteentzat heziketa, terapiak, aholkularitza, arlo juridikoa, berdintasun arloa... zerbitzuak hedatzen joan dira hasi ginenetik hona.

Emakumezkoen kasuan, zer landuko duzue lehen saioa horretan?

Sexualitate femeninoaren oinarrizko kontzeptu teorikoak jorratuko ditugu. Horri buruzko ezagupenak, nolabait. Zientzia esparru guztietan eraiki den zientzia ikuspegi androzentrikoarekin egin da, eta sexologiaren zientzian ere berdin jokatu izan da. Gizartean sexologiari buruz dagoen paradigma ere androzentrikoa da. Beraz, sexualitate femeninoa bigarren maila baten egon denez, tailer teoriko hauetan berezitasun hauek landuko ditugu, emakumeak ikuspegi horren zentzugabekeriaz jabetzeko.

Bigarren blokean, desioen eta fantasien munduan murgilduko zarete, ezta?

Desira erotikoen oinarri biologikoa landuko dugu; nola sortzen diren, zein osagai dituzten, zein joko-arauaren baitan dauden, nola bideratzen eta zerez elikatzen diren. Eta horrez gain, desira erotikoak eta fantasia erotikoak bereizten ikasiko dugu.

Beti entzun izan da gizonezkoek emakumezkoek baino desio handiagoa izaten dutela. Hala da?

Desira erotikoa kantitatearen ikuspegitik bakarrik ikusten badugu, desira erotikoa oso ideia konkretu batera murrizten dugu. Ezberdintasunak daude gizonezkoen eta emakumezkoen desiraren artean, baina argi izan behar da desira ez dela kantitatearen arabera neurtzen den zerbait, emozio bat baizik.

Hirugarren saioan, teoria alde batera utzi, eta saio praktikoagoa izango da, ezta?

Teoriak eta eztabaidak alde batera utzi, eta gorputza landuko dugu. Praktikan jarriko dugu gure sentitzeko gaitasuna, emozioen eta sentsazioen aldetik. Zentzumenak piztera jolastuko gara, nolabait esatearren.

Gizonezkoen kasuan, adibidez, zein hutsune orokor izaten dira?

Kasu askotan, emakumeekin gertatzen den kontrakoa gertatzen da. Gorputzean plazera bilatzeko orduan, emakumeek oso barneratuta dute plazera gorputz osoan zehar dagoela, eta gizonezkoen kasuan genitalizatuta gaude. Ahaztu egin dugu genitalen inguruan plazerez beteriko gorputz bat daukagula. Hein handi batean, plazera eta harremanak orgasmoaren baitan eraikitzen ditugulako.

Desiren kasuan zertan ezberdintzen dira gizonezkoak?

Ezberdintasun biologikoak dauzkagu sexu erantzunetan, eta ezberdin jokatzen dugu hainbat gaitan. Sentimendu ezberdin horiek identifikatzen eta interpretatzen ikasiko dugu. Eta tailer praktikorik ba al dago? Zerbait praktikoa antolatuz gero, ez litzateke inor apuntatuko, gizonezkoek beldur handia diogulako kontaktu fisikoari.

Zer onura aterako luke tailerrean parte hartzen duen bikote batek?

Norberaren sexualitatea askoz hobeto ulertuko duela, eta ez hori bakarrik, baita bere bikotekidearena ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak