Alokabideko ordainsariarekin zailtasunak dituztenei laguntzeko eskaera

Xabi Gorostidi 2017ko urr. 23a, 13:14

Udalbatzako bost alderdiek testu bat adostu dute, Alokabidek ezarritako hileko kuotak ordaintzeko zailtasunak dituztenentzat konponbideak bilatzeko. Besteak beste, ordaindu beharreko kuota bizikidetza unitatearen diru sarreren %30a baino altuagoa ez izatea eskatzen diote Eusko Jaurlaritzari.

Alokairua ordaintzeko zailtasunak dituzten hainbat familia daude herrian, eta horietako batzuk Eusko Jaurlaritzak kudeatzen dituen Alokabide sare publikoko etxebizitzetan daude. Azken hauetan bizi, eta hileko kuota ordaintzeko zailtasunak dituzten hainbat herritarren berri izan dute Udaleko alderdiek, eta kezka adierazi dute bizi duten egoeraren inguruan.

"Arrasatear horiek bizi duten egoera oso kezkagarria iruditzen zaigu, ez baitago gaur egun benetako
beharra duten pertsona horien errealitatera egokitzen den programa edota alokairu sozialik".

Arrasateko Udalak jakinarazi du, azkenaldian, pertsona horien gastuak hartu dituela bere gain, hauen etxe-gabetzeak saiheste aldera. "Ongizatea bermatu, eta egungo pobrezia zein gizarte bazterkeria egoerak ekiditeko" asmoz adostu dute neurria bost aldeek.

"Eusko Legebiltzarrak egoera horiei aurre egiteko hainbat neurri onartu zituen 2014an, baina orain Jaurlaritzari dagokio horiek abian jarri eta betearaztea" adierazi dute Udaletik.

Ildo horretan, alokairu errenta bizikidetza unitatearen diru sarreren %30a baino altuagoa ez izatea eskatu dio Udalak (tasak eta komunitate gastuak barne). Bide beretik, errenta urtero berraztertzea edota maizterrek komunitate gastuen kudeaketan zuzenean parte hartu ahal izateko bideak aztertu eta jorratzea ere eskatu dio. Azkenik, Lanbideren giza baliabideak indartzea ere proposatu dio Udalak Jaurlaritzari, horrela, Alokabideko maizterrek haien familia unitatearen kudeaketa ekonomikoa latzeko aukera gehiago izan ditzaten.

"Pertsonak eta kasu honetan arrasatearrak izanik Udal honen lan ardatz nagusia, gure ardura da haien beharrei erantzun eta guztien ongizatea bermatzea. Bide horretan, eskaera eta neurri horiek ezegonkortasun eta gizarte bazterkeria egoerei aurre egitea dute helburu, modu honetara, behar gehien duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko”, amaitu dute Udaletik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak