Gaur betetzen dira 50 urte Udalatx tontorreko mapa jarri zela

Xabi Gorostidi 2017ko urr. 12a, 09:00

1967ko urriaren 12an jarri zuten Arrasateko gailurrik altueneko orientazio mapa. Frankismoan inauguratu zen, mendian edozer gauza antolatzeko gobernatzailearen baimena behar zenean, eta Guardia Zibilaren egunean egitea ez zen kasualitatea izan.

"60ko hamarkadan,  mendizaleen artean, edozein irteera antolatzeko gobernatzailearen baimena beharrezkoa zen. Baita haurrekin mendi-irteeratxo bat egiteko ere. Eta zerbait egiten zen bakoitzean Guardia Zibilen bisita jasotzea ohikoa zen", azaldu du Alvaro Arregik, Besaide Mendi Elkarteko kideak.

Urriaren 12a apropos

Biharko eguna Hispanitatearen Eguna da, baita Guardia Zibilaren eguna ere. Bada, honela azaldu du Arregik, zergatik aukeratu zuten egun hura: "Guardia zibilak dotore-dotore jantzita egoten ziren, eta ospakizunetan ematen zuten egun osoa. Hori hala izanik, hainbat gauzatarako aprobetxatzen zen egun hori. Besaide Mendi Elkartearen kasuan, maparen inaugurazioa edota Udalatxeko Arrasateko parteko gurutzea jartzeko baliatu genuen egun hura".

Gobernatzailearen baimena

Orduko Besaide Mendi Elkarteko presidente Venustiano Urangak etxeko lanak eginda zeuzkan, gobernatzailearen oniritzia zuelako ospakizuna egiteko, baina, baimena esku artean izan arren, trabarik ez zitzaion falta izan.

Irudia: Venustiano Uranga, duela 50 urte, inaugurazio egunean / Argazkia: Besaide 50. urteurrena (1957-2007) 

"Guardia Zibilak ez zuen nahi ekitaldia autorizatzerik. Astebete lehenago, egunero deitu zioten kuartelera Urangari, baimenik ez zegoela esateko. Gobernatzailearen baimenaren kopia erakutsi arren, originala eskatzen zioten, kopiak ez omen baitzuen balio. Hala, ekitaldia egin baino egun bat lehenago mehatxatu zioten esanaz bera izango zela egun horretan gertatzen zen edozein ekintzaren erantzule, eta hark erantzun zien bera beti zela bere ekintzen arduradun".

Gaur egun 95 urte ditu eta Donostian bizi da Venustiano Uranga.

Bultzatzailea: J.L. Lizarralde

Mapa jartzea proposatu eta ondoren hura diseinatu zuen pertsona Juan Luis Lizarralde izan zen (Arrasate, 1937).

Jaizkibelen antzerako mapa bat zegoela ikusita, jartzea proposatu zuen, behin Udalatxeko gailurrera igota, ondoko tontorrak zeintzuk ziren errazago identifikatzeko.

"Vasco Navarro liburutik hiru mapa atera eta bata bestearen gainean jarri nituen. Etxeko konpasik handiena hartuz borobil bat egin, eta barruan geratzen ziren mendi guztiak izendatu nituen mapan, bakoitzaren altuera ere zehaztuta", azaldu zuen 2015eko abenduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak