Arrasatek baditu jada kanpo argiteria publikoan lehen LED argiak. Asteartean hasi ziren zeregin horretan, eta Kataide poligonoaren hasieran eta Eroski inguruan jarri dituzte lehenak. Gutxinaka, herri osora hedatzen joango dira, eta zeregin horretan diharduten langileek jakinarazi dute bi hilabeteko epean amaitzea espero dutela.
Argazkia: Perosanz enpresako langileak, gaur goizean LED argiak jartzen Eroski inguruan.
Kide diren herrietako kanpo argiteria hobetzeko asmoz, diagnosi energetikoa egin zuen Mankomunitateak. Elektrizitate kontratuen potentzia egokitzea eta energia kontsumoa murriztea lortzeko, ondorengo lau helburuak finkatu ziren: elektrizitate kontsumoa %30 txikitzea, eskakizun ezberdinetarako argiteria erregulatzea, behe-tentsioko araudiari (TBA) egokitzea eta instalazio berrien klasifikazioa A edo B tipokoa izatea.
466.176 euro, bederatzi urtetan
Mankomunitateak Eibarko Perosanz Electricidad enpresari esleitu dizkio lanak. 466.176 euroko kostua izango dute Arrasateko argiek, eta bederatzi urtez hilero 4.316 euro ordaintzea adostu dute Udalak eta Mankomunitateak. Hala ere, EVE diru laguntza jasoz gero, kuota murriztu egingo litzateke.

Argazkia: PHILIPS etxe ezagunaren horrelako 900 argi inguru jarriko dira herrian zehar.