Igor Urizar: "Herritarrei biltzeko leku bat eskaini nahi diegu"

Xabi Gorostidi 2017ko ira. 22a, 16:26

Bi urte daramatza Baleikek herriko udalbatzan, antolaketa propiorako lokalik gabe. Orain Otalora kalean zabalduko dute lokala "erreferentziazko" gune izateko asmoz.

Alderdi politikoen funtzionamendurako lagungarri izaten da lokal propio bat izatea; barne eztabaidetarako edo kartelak bezalako materialak gordetzeko. Baleikek bazuen horretarako beharra, eta laster hori asetzeko lokal berria zabalduko dute.

Lokal fisikorik gabe, nola antolatu zarete bilerak egiteko?

Genituen baliabide urriei ahalik eta aprobetxamendu hoberena ateratzen saiatu gara, defizitak aukera bilakatzeko asmoz. Kulturate erabili izan dugu asanbladak egiteko gehienbat, batez ere kalean egitea zaila zenean (logistika edo klima txarrak behartuta). Honek bere deserosotasunak baditu, baina jendearekin errazago konektatzen lagundu digu eta politika era xumean lantzen ikasi dugu.

Nola sortu zaizue Otalorako lokala hartzeko aukera? Ikusi al duzue beste lokalik?

Otalorakoak hainbat irizpide betetzen zituen: kokapena, erdialdean jende ugari pasatzen den lekuan egotea; fatxada gardena, jendearenganako hurbiltasuna indartuz, esparru egokia, gure espazio beharrak asetzen dituena, eta noski, prezio aldetik gure posibilitateen barnean mantentzen dela.

Erosi? Alokatu?

Alokairua da, Ahal Dugu Euskadik ordaindua. Euskadiko Hiritar Kontseiluak estrategikotzat dituen herrietan egoitzak zabaltzea erabaki du, eta zorionez, Arrasate horietako bat da.

Zer onura ekarriko dizkizue?

Arrasatearrentzat erreferentziazko leku bat izatea. Gure ekimenak zentralizatzeko eta planifikatzen laguntzeko ere baliagarria izango da, materiala gorde, eta guztiok elkarlanean aritzeko. Gure helburu handienetako bat eragile eta antolatutako jende multzoei biltzeko toki bat eskuragarri jartzea da, denboraz erlazioak ehunduz eta politika eztabaidatu eta ekiteko leku bat izatea.

Gaurkotasun politikoarekin lotuta, nola hartu duzue Nagua Albak Podemos Euskadiko buru izaten jarraitzeari uko egin izana?

Hurrengo primarioetan ez aurkeztea erabaki du, oraindik gure idazkari nagusia da. Guztiz errespetagarria iruditzen zaigu hartu duen erabakia. Gure idazkari nagusiarekin erlazio ona izan dugu, hainbat aldiz bisitatu gaitu eta herriko eragile ezberdinekin harremana izan du. Ezin gara kexatu.

Podemos Euskadiren zirkuluen %38a zuzendaritza aldatzearen alde zegoen. Non lerratzen da Baleike?

Arrasateko kideen artean hainbat postura ezberdin daude, baina beti saiatzen gara adostasun maila bat izaten. Arrasateko zirkulua %38 horren barruan zegoen, beraz, Naguaren erabakia ulergarritzat jotzen dugu da eta partekatzen dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak