Gure Esku Dagok Arrasateko Udalean, Irailak 13an, hurrengo eskaera egin zuen: "Arrasateko Gure Esku Dagok:
Kataluniako herriari eta urriaren 1eko erreferendumari babesa eta elkartasuna adierazteko mozioa aurkeztu dugu, Arrasateko Udaleko Plenoak hurrengo bileran eztabaidatu dezan. Erreferendumaren dataren aurretik ezin bada Plenoaren bilerarik egin, Arrasateko Udalak Kataluniako eta urriaren 1eko erreferendumari babesa eta elkartasuna jasotzen duen adierazpen instituzionala egiteko aukera aztertu dezala eskatzen dugu”.
Komeni da aipatzea, urriaren 1a baino lehen osoko baten mozioa eztabaidatzeko, ezohiko osoko bat egitea beharrezkoa izango litzatekeela, urriko osoko bilkura urriaren 3an egingo delako.
EAJk ez zuen osoko bilkura egitea beharrezko ikusi, baina adierazpena adoste aldera udalbatzako alderdi politiko guztiei luzatu zien Gure Esku Dagok proposatutakoa. EAJk ohar bidez komunikatu duenaren arabera, EH Bildu izan zen lehena erantzuten. Testuarekin ados zeudela esateaz gain, gaiaren garrantziagatik ezohiko osokoa egiteko nahia adierazi zuten. Baleike taldearen erantzunik ez zuten jaso, eta Irabaziko zinegotziak esan zien ez zela posizionatu, aurretik bere alderdiko kideekin adostu gabe. Aipatu behar da oharrean ez dela PSE-EEren erantzuna zein den esaten, eta horri buruz galdetuta ez dute erantzunik eman nahi izan. Alderdi sozialistako Oscar Garciarekin kontaktuan jartzen ahalegindu da Goiena, baina ez du lortu.
EH Bilduk, Baleikek eta Irabazik gaur goizean bertan egin dute ezohiko mozioa egiteko eskaera ofiziala. "Gure Esku Dago-ren proposamena heldu zitzaigunetik, hasieratik eduki dugu garbi gaiak osoko bilkura bat eskatzen zuela, batez ere, udalbatzako alderdiak gaiaren aurrean garbi posizionatzeko. Gainera, aste honetako atxiloketak ikusita, pisuzko arrazoi gehiago daude osoko bat egiteko" azaldu du EH Bilduko Eneko Barberenak. Legez, 15 eguneko epea du alkateak ezohiko bilkura egin edo ez erabakitzeko, baina EAJk garbi esan du hasieratik ez duela osoko bilkura egitea beharrezkotzat jotzen.
Osoko bilkurarik ezean, adierazpena
Osoko bilkura egiten ez bada adierazpen instituzionala da mahai gainean geratuko litzatekeen aukera bakarra. Arrasateko Udalaren kasuan, hori lortzeko ez da alderdi guztien babesa behar, zinegotzien gehiengoarekin egin izan baitira adierazpenak aurretik ere. EH Bilduk sinatzearen alde egingo lukeela azaldu du Eneko Barberenak, nahiz eta osokoa egitea zen euren asmoa. Orain ikusteke dago, urriaren 1a baino lehen PSE-EEk, Baleikek eta Irabazik testuarekin bat egingo duten ala ez.