"Denbora gutxian izango dugun partidu kopurua kontutan izanda, hegalean Alvaro Odriozola oso gizon garrantzitsua izan daiteke guretako, orain arte oso errendimendu altua erakutsi duelako. Baina, jokalariak arnasa hartu behar du, tarteka atseden hartu behar du, errendimendu horretan beherakadarik ez izateko". Eusebio Sacristanen azalpenak dira, Realak gaur (22:00, Ciudad de Valencia) jokatuko duen partidura begira Sanseko jokalari Andoni Gorosabel deialdian sartu izanagatik. Hala, UDAko harrobiko jokalariak debuta egin dezake Lehenengo Mailan.
Rekarteren eta Gontxa-ren pausoen atzetik
Andoni Gorosabel bere egunean Aitor Lopez Rekartek, eta ondoren Mikel Gonzalezek, emandako pausoak jarraitzen dabil. Gorosabelek Aretxabaletan egin zituen lehenengo pausoak; alebin eta infantil mailetan Ibarran jokatu zuen, eta kadete mailako lehenengo urtean egin zuen Realera salto. Iaz, berriz, Real Union taldean jokatu zuen utzita, baina talde txuri-urdinak Sansera ekarri du ostera ere, eta kontratua luzatu berri dio. Hala, azken urte hauetan Realak atzealdea zaintzeko izandako hirugarren arrasatearra bilakatu daiteke Gorosobel. Mikel Gonzalezen gorpuzkera barik, gertuago dago Bonba-k zituen ezaugarrietatik, eta hura moduan, hegaleko jokalaria da Gorosabel.