Gaur aurkeztu dituzte Kimu Berri proiektuaren baitan Mondragon Unibertsitateko fakultate eta ikasketa desberdinetan diharduten gazteek garatutako ideia eta ekimenak Garaia Berrikuntza Gunean. Aurrerantzean, proiektu horien nondik norakoak ezagutzeko erakusketa ikusgai izango da parke teknologikoko galerian. Gazteek garatutako proiektuen panelak,
prototipoak eta ikus-entzunezko erreportajeek osatzen dute mostra. Urriaren 9ra arte izango da berau bisitatzeko aukera, eta ondoren Oñatiko Enpresagintza fakultatera eramango dute. Urriaren 27ra bitartean egongo da bertan.
Gaurko ekitaldia KirolBet enpresaren bazkide fundatzaileetako baten hitzaldiarekin hasi dute. Fernando del Cañok gaztetan abiatu zuten proiektuari buruz azalpenak eman ditu, eta ikasleak animatu ditu ekintzaile izatera. Euren kasuan, txikitik hasita Espainiar estatuko apustu sarerik handiena izatera nola pasa ziren azaldu du.
Hainbat proiektu interesgarri
Del Cañoren berbaldiaren ostean, Unibertsitateko gazteen txanda iritsi da. Aurkezpena egin duten lehenengo taldea Julen Balzategik, Unai Cobok eta Edurne Palaciosek osatutakoa izan da, eta Geosafe aurkeztu dute, tuneletan, ezpondetan edota bestelako eraikuntza handietan segurtasuna bermatzea helburu duen sistema, LKSrekin elkarlanean garatu dutena. Eurek garatutako proiektu honen bidez, estruktura horien monitorizazioa egin daiteke denbora errealean, uneoro jakin ahal izateko ea mugimendu arrarorik dagoen edo adituak bertaratzea komeni den ala ez.
Gaurkoan aurkeztutako bigarren proiektua IntellCont izenekoa izan da, eta Iban Mendoza, Pello Heriz eta Garikoitz Gorostidi izan dira berau garatu dutenak. Kasu honetan, zaborrarendako edukiontzi inteligenteak garatu dituzte, hainbat prestazio eskaintzen dituztenak. Hala, esaterako, atea irekitzeko txartel inteligentearen sistema darabilte, eta edukiontziaren betetze mailaren ehunekoaren berri emateko kapaz izango lirateke.
BackSense proiektua, berriz, Sistema Txertatuetako Masterreko lehen mailako Aritz Arruabarrenak, Imanol Allendek eta Unai Izagirrek garatu dute. Kasu honetan, osasunarekin zerikusia du garatu duten tresnak. Egungo bizimoduaren ondorioz eguneko ordu asko jarrita ematen ditugula-eta, horrek gizakion bizkarrezurrarengan duen eragin kaltegarria gutxitzea du xede. Hala, euren proposamena barruko kamiseta antzeko bat da, zeinek berau janzten duenaren eguneko ohiturak eta esertzean duen posturak monitorizatzen dituen, ondoren informazio hori espezialistari helarazi eta ohitura horiek zuzentzen laguntzeko.
LEINN graduko Iñaki Agirrek, Gorka Garciak eta Iñigo Ruizek, berriz, Alfred aurkeztu dute, "laguntzaile birtual berria" omen dena. Euren gradu ikasketen baitan sortu duten BIGEL enpresaren negozio lerroetako bat teknologia izaki, tresna hau garatu dute, hainbat erabilera izan ditzakeena. Aurkezpen bideoan, esaterako, kapsula bidezko kafe makinari "Alfred, atera iezadazu kafe bat" esanaz, makinak agindu hori prozesatu eta betetzen du, eskatutako kafea atereaz.
Bukatzeko, Huhezi fakultateko irakasle Goio Aranak ikus-entzunezko komunikazioan diharduten ikasleek landutako hainbat proiektu aurkeztu ditu. Hala, esaterako, Idoia eta Leihotik film laburren teaserrak erakutsi ditu. Horrez gain, aurtengo Euspot euskarazko publizitate spoten lehiaketan aurkeztutako bi lan ere erakutsi ditu: Aniztasunak gu egiten gaitu eta Ezberdinak garelako, zehazki. Horrez gain, hainbat musika estilo jorratzen dituen bideoklip bat ere proiektatu du, guztia Huheziko ikasleek egina.