Parrokia inguruan indusketa-lanak egiten dabiltza Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo eta antropologo talde bat ikerketan lagun dezaketen hondakinak eta datuak eskuratzeko.
Zenbait mendetako hilerria
AZE-ren esanetan 1318. urtekoa da San Juan Bataiatzaileari buruzko lehen aipu idatzia: "Hiribilduan 1448an izandako suteak ondorioak utzi zizkion. Ondoren, orain ezagutzen dugun moduan berreraiki zuten. Kokalekua 1520 eta 1540 urteen artean eraikitako kanpandorrea, orain duguna, dagoen orubean dago. Tenpluaren barnealdea zein inguruak okupatuak izan ziren eta hilerri gisa erabili zituzten zenbait mendetan, harik eta 1811n, Aldaira eraman zuten arte".
Eta gaineratu dute: "XIX. mendean, tenpluaren inguruko zoladura galtzada-harrizkoa zen eta XX. mendearen hasieran asfaltoz estali zuten. Bi zolak 1991n kendu zituzten. 1991n sakoneko eraberritzea egin zioten elizari, bai kanpotik, bai barrutik, eta hortik dator gaur egungo itxura. Aipatutako lan horietan, gainazaleko hezur-hondakin ugari atera zituzten, baina kanpandorrearen azpiko eremuan hobiratzeak azaldu ziren: harrizko hilobi bat eta ostilamendu-hondakinak".
Ikerlanaren babesle dira Arrasateko Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentua, eta Euskal Herriko Unibertsitatea ere kolaboratzailea da. Proiektuak aste batzuk iraungo dutela iragarri dute eta bukatzerakoan emango dituzte argibideak.