Zazpigarren urtez banatu da Lehen Hezkuntzako maila guztietan 2017-2018ko agenda, ikasleei eta baita tutoreei ere, agendaren edukiak ikasleekin lantzeko helburuarekin. Ohiko agenda baten edukiak izateaz aparte, hau da, eskolako ordutegia, ikasle, irakasle eta gurasoen arteko komunikazio tarteak, eta egunerokoa, Arrasateko euskalkia jorratzeko tresna bat ere bada, bertako berbak eta aditzak ezagutzera ematen baititu erabilera bultzatuz, egunak eta hilabeteen izenak esaterako. Egunero erabiliko den baliabide batez kultura eta hizkuntza transmisioa sustatzea da helburua.
Honez gain, jolasen eskubideen eta errealitatearen inguruan hainbat ideia eta hausnarketa biltzen ditu agendak, umeek zein aukera duten jolasteko edo pertsona helduen beldurrak zeintzuk diren hausnartzeko. Gainera, ume jokoak, kantak, hainbat nazioarteko egun, umeekiko egun eta herriko jaien egunak ere jaso dira bertan.
Bestalde, Arrasateko historiari ere tartea egiten dio agendak. Alde batetik, Jose Letonak 1980. urtean bildu zituen hamar auzoetako gaur eta antzinako iturriak ezagutzeko aukera izango dute ikasleek, auzoetako historia pasarteak irakurtzearekin bat. Beste alde batetik, 2018an Vasco-Navarro trena Arrasatera heldu zela 100 urte betetzen dira eta 50 urte kendu zela, eta hau aitzakiatzat harturik, tren horren historia eta argazkiak ere jarri dira agenda. Gainera, Debagoieneko bide gorri zein berdeetako informazioa ere jarri da QR bezala mugikorren bitartez irakurri ahal izateko.
Eskola agenda eskuragarri dago Arrasateko Udaleko webgunean, Hezkuntza sailaren atalean, ikasle eta irakasleez aparte gurasoek eskuratu nahiko balute, gurasoengana helaraztea ere baita helburuetariko bat. Bertan Vasco-Navarro trenaren inguruko informazioa ere aurkitu daiteke.