Hormatik eta zuhaitzetik eskegita, dantza saioa

Bilboko La Glo zirku eta dantza konpainiak dantza bertikal saioa egingo du eta Agurtzane Telleria arrasatearrak dantza oihal akrobazia ikuskizuna eskainiko du gaur, egubakoitza, Zaldibarko frontoian, 20:00etan Udazabal egitarauaren barruan.

Dantza bertikal ikuskizuna da Entre cuatro tiempo; Bilboko La Glo zirku eta dantza konpainiak eskainiko du gaur, egubakoitza, 20:00etan. Zaldibar frontoian izango da, baina, lurrean beharrean, paretetan emango dituzte dantzariek pausuak.

Arrasateko Agurtzane Telleriak berriz, frontoiaren alboan dauden zuhaitzetatik oihalekin eskegita eskainiko du Tximeleta izenekoa.

Lau zenbakia oinarri

Dantza eta akrobaziaren arteko fusioa da, ibilbide eta ikasketa ezberdinetatik datozen lau dantzarik egiten duten Entre cuatro tiempo. "Konpainiaren sortzaile Gloria Peónek urteetako eskarmentua du akrobazia kontuetan eta haren ikasleak gara gainontzeko hirurak. Zirkutik gatoz batzuk eta dantza mundutik, beste batzuk. Pareta da gure lurra; hortaz, paretetatik saltoak egiten ditugu, figurak akrobaziak, itzulipurdikoak... Horiek guztiak musikaren erritmoan dantzan. Lau koreografia ezberdin dira", azaldu du Naiara  Arrizabalaga dantzariak.

Lau dira, era berean, istorioaren gaiak: lurra, ura, haizea eta sua. "Lurrari buruzkoarekin hasten gara; makilekin ateratzen gara, txalaparta bat ere tartean dago... oso tribala da, gerra bat irudikatzen da. Hortik ura oinarri duenera pasatuko gara. Erritmo lasaiagoa du, bikoteka dantzatzen dugu... Oso akrobatikoa da zati hori. Gero haizearena dator; esperimentalena da. Testu batekin dator eta dantzatzen duenak antzeztu ere egiten du testu horretan kontatzen dena. Azkenik amaitzeko hirukote formatuan dantzatzen dugun sua dator. Oso hunkigarria eta bizia da atal hori".

Tximeletaren azalean sartuta

"Naturan murgilduko zaitu, krisalida baten ertz sentikorrean eraldaketa prozesuan bidaiatuz, lasaitasuna eta erlaxazioan sartzen delarik", halaxe azaltzen du Telleriak gaur egingo duen saioa. Tximeleta baten hegoak soinean oihalezko akrobaziak egingo ditu zuhaitzetik eskegita. Bakarkako saioa izango da Telleriak egingo duena.

Orain dela urte batzuk hasi zen Telleria arlo horretan trabatzen; gaur egun irakasle ere bada.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.